Milaka ikasle atera dira grebara, eta 34 gazte atxilotu dituzte

Ikasle Abertzaleak mugimenduak «hezkuntza sistema sozialista» eskatu du, egungo erreformen aurrean. Ertzaintzak desordena publikoen delitua leporatu die Gasteizen atzemandako gazteei

Gasteizen eginiko mobilizazioa, atzo eguerdian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Espainiako Gobernuaren erreformen aurrean, «hezkuntza sistema sozialista» eraikitzeko beharra nabarmendu dute Ikasle Abertzaleek. Antolakunde horrek deitutako greba egunarekin bat eginda, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan milaka ikaslek atzo salatu zuten hezkuntza erreformek «krisi kapitalistari» erantzutea dutela helburu, eta langile klasea «zuzen-zuzenean jotzen» dutela. EHUren Gasteizko campuseko piketeetan, istiluak izan ziren; Ertzaintzak 34 lagun atxilotu zituen, eta iluntzean haiei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin zituzten ikasleek.

«Hezkuntza sistema bera kolokan jarri eta lanean jarraitzeko indarra daukagu», adierazi zuten deitzaileek atzo eguerdiko manifestazioen amaieretan eginiko adierazpenetan. Izan ere, Ikasle Abertzaleak mugimenduak salatu zuen erakunde publikoek azken urteetan aurkeztutako erreformak «partzialak eta osatugabeak» direla, eta helburu dutela hezkuntza sistema «datorren ziklo ekonomikora egokitzea». Horren adibidetzat jo zituzten LOMLOE eta LOSU legeak eta lanbide heziketarako plan berria.

Lehenari «lehiakortasunean eta ekintzailetza kapitalistan» oinarritzea egotzi zioten, «pentsamendu kritikoa garatzeko edozein aukera ezabatuta». LOSU, berriz, «etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatzeko» tresna gisa definitu zuten; eta lanbide heziketarako legea, «lan indar merkea sortzeko» aldaketa moduan, besteak beste heziketa duala derrigortuko duelako.

Funtsean, salatu zuten aldaketek enpresa pribatuek hezkuntza alorrean esku hartzea errazten dutela; eta, kontrara, «ikasle langileak hezkuntza prozesutik indarrez kanporatzen» ari direla. «Gure ikasketek eta lanak bateraezinak izaten jarraituko dute, eta azterketa ereduagatik antsietatea izaten jarraituko dugu, eta matrikulen zein tasen prezioen gorakadengatik askok ikasteari utzi beharko diogu», gehitu zuten.

Istiluak piketeekin

Manifestazioetan, baina, bestelako aldarri bat ere entzun zen atzo eguerdian: «Atxilotuak askatu». Izan ere, mobilizazioetara dei egiteko piketeek EHUren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako eta NUPen Iruñeko campuseko hainbat eraikinetarako sarbidea galarazi zuten goizean. Gasteizen, piketeetan parte hartzen ari ziren 34 gazte atxilotu zituen Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, «desordena publikoen delitua leporatuta». Segurtasun Sailaren arabera, egin beharreko izapideak egin ahala askatu zituzten atxilotuak, eta epailearen aurretik pasatu beharko dute hurrengo egunetan.

Atxiloketei erantzuteko, ikasle antolakundeak dozena inguru mobilizazio antolatu zituen, Atxilotuekin elkartasuna. EHU erantzule lelopean. Hala, eguerdiko manifestazioez gain, elkarretaratzeak izan ziren iluntzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.