Peru

Peruko Kongresuak ez du onartu Castilloren aurkako zentsura mozioa

Mozioak aldeko 87 boto behar zituen aurrera egiteko, eta 54 jaso ditu. Duela zortzi hilabete presidente bilakatu zenetik bigarren aldiz saiatu dira Castillo kargutik kentzen.

Pedro Castillo Peruko Kongresura iristen, gaur, Liman. PERUKO KONGRESUA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 29a
10:19
Entzun

Peruko presidente izango da aurrerantzean ere Pedro Castillo. Duela zortzi hilabete eskas hartu zuen kargua Peru Libre alderdiko buruak, eta ordutik bigarren aldiz egin behar izan dio aurre zentsura mozio bati. Oraingoan, ustelkeria kasuak egozten zizkioten, baita estatuburu izateko ustezko gaitasun falta ere. Gaur Peruko Kongresuan egin duten bozketan, aldeko 55 boto izan ditu mozioak, aurkako 54, eta 19 abstentzio. Behar zituzten bi herenetatik (87 aldeko boto) urrun geratu dira mozioaren sustatzaileak, oposizioko hiru alderdi.

Bozketaren ostean, pozik agertu da Castillo: «Zentzuak, ardurak eta demokraziak irabazi dute gaur. Errespetatzen ditut mozioaren alde bozkatu duten kongresukideak, baina orain orrialde hau itxi eta guztiok batera lan egin behar dugu. Erronka handiak ditu herrialdeak», idatzi du Twitterren.

Sei ordu baino gehiago iraun du bozketaren aurreko eztabaidak. Tartean, saioa bertan behera utzi behar izan dute behin-behinean, diputatuen arteko liskarrak zirela medio: Accion Popular alderdiko kide batek bere txanda ez errespetatzea egotzi dio Maria del Carmen Alva kongresu presidenteari, Fuerza Popularreko kide batek zentsura mozioaren aldeko pankarta bat atera du...

Kongresuaren kanpoaldean ere izan dira protestak, bai Castilloren aurkakoak, baita aldekoak ere. Hori gutxi balitz bezala, Peruko garraiolariek greba egin dute gaur, erregaien prezioaren igoera salatzeko.

«Ezegonkortasunaren aurka»

Eztabaidari berrekin diotenean, bere burua defendatu du presidenteak, eta esan du «ikerketa prozesuaren lehen fasean dauden kazetaritza informazioetan» oinarrituta daudela salaketak. «Fiskaltzak ez du prozesurik zabaldu», gehitu du. Castillok azpimarratu du berak ez duela boterea nahi, eta Peruri zerbitzu bat egiteko dagoela karguan: «Kongresukideok, mesedez, bozka ezazue demokraziaren alde, ezegonkortasunaren aurka».

Castilloren aurkako salaketak hogei puntu biltzen zituen. Besteak beste, ustelkeria egozten zioten, baita pertsona polemikoei kargu garrantzitsuak ematea ere. Estatuburu izateko gaitasuna falta zaiola ere salatu dute. Printzipioz, ordea, presidente izango da 2026ko uztailera arte.

Fujimori, aske

Zentsura mozioa ez da eguneko albiste bakarra izan Perun: Auzitegi Konstituzionalak gaur argitaratu du Alberto Fujimori presidente ohia espetxetik ateratzeko agindua. Erabakia joan den martxoaren 18an jakinarazi zuten. Orduan onartu zuten Fujimoriri 2017an emandako indultua bertan behera utzi zuen ebazpen judiziala baliogabetzeko habeas corpus eskaera, eta aske utziko dute 1990 eta 2000 bitartean herrialdeko presidente izandakoa. Gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Fujimori. Ebazpenaren berri izan eta berehala, Peruko lehen ministro Anibal Torresek nabarmendu zuen Auzitegi Konstituzionalak «desagertu» egin behar duela.

Erabakiak ika-mika handia eragin zuen, baita hartu aurretik ere. Izan ere, Augusto Ferrero Konstituzionaleko presidentearen botoa erabakigarria izan zen epaileen arteko berdinketa ebazteko. Castilloren gobernuak iragarri zuen helegitea jarriko diola ebazpenari nazioarteko erakundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.