Hezkuntza

Apirilaren 7rako hiruzpalau orduko lanuztera deitu du Steilasek

Hezkuntza ituna Eusko Legebiltzarrean onartuko duten egunean egingo dute protesta irakaskuntza publikoan eta Haurreskolak partzuergoko zentroetan.

Steilasek larunbatean egin zuen ezohiko Kontseilu Nagusia. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 30a
16:46
Entzun

EAEko hezkuntza itunaren aurka protestan jarraituko du Steilas sindikatuak. Alderdi politikoen akordioa Eusko Legebiltzarrean onartuko den egunean hiruzpalau orduko lanuztea egingo du ikastetxe publikoetan eta Haurreskolak partzuergoko zentroetan: apirilaren 7an, 07:30etik 11:00etara deitu du protestara, sarrera orduen arabera, eta eskoletan 10:30ean egingo dituzte elkarretaratzeak; bilkura nagusia, berriz, parlamentuaren aurrean egingo dute, 09:30ean. Lanuztearen bidez, itunarekiko desadostasuna adierazi nahi du sindikatuak. «Ez dugu bat egiten prozesuarekin, ezta edukiekin ere», adierazi dute gaur Nagore Landa eta Nagore Iturrioz bozeramaileek, Bilbon egin duten agerraldian.

Akordioaren zirriborroa aztertuta, sindikatuak salatu du hezkuntza sare publikoa eta itunpekoa «parekatu» egingo direla, «ikastetxe pribatuetako finantzaketa blindatu ahal izateko», eta, beraz, hezkuntza publikoa ez dela «ardatz» izango: «Ez du publifikazio marko sendo baten alde egiten; aipamen txiki bat baino ez dio egiten publifikazioari, eta alderdiak ez datoz bat horren esanahian. Segregatzailea den sistema duala normalizatzen eta betikotzen du».

Euskararen aldeko «apustu irmorik» ez egitea ere egotzi dio itunari: «Ikastetxeen esku uzten du ardura. Ez du murgiltzerik aipatzen, ez dira ereduak gainditzen, eta atzerriko hizkuntzei irekitzen die atea, euskararen kalterako». Espainiako Gorteetan onetsitako araudia «berrestea» eta lan baldintzak ez aipatzea ere gaitzetsi du Steilasek.

Deialdia, bakarrik

Hezkuntza itunaren harira, grebarako deia egina zuten ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek martxoaren 25erako, baina aurreko astean alderdiek akordioa lortu zuten, eta lanuztea bertan behera utzi zuten, batasun sindikalean deialdiarekin aurrera egiteko adostasunik ez zela eta. Steilas ez zen bat etorri erabaki harekin, eta orain bakarrik deitu du lanuztera. «Ezin dugu gure borroka geratu une honetan batasun sindikalik ez dagoelako; horrek ez du esan nahi etorkizunean ezin denik berriz aktibatu batasun sindikal hori», azaldu du Iturriozek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.