Autogobernua

Urrian Nafarroak bere gain hartuko du gutxieneko diru sarreren kudeaketa

Gaur arratsaldean izenpetuko duten akordioaren arabera, 48 milioi euro aurreztuko ditu Nafarroak, eta hiruhileroko doikuntza bidez itzuliko dio dirua Madrilek

Martxoaren 13an, La Palman (Espainia) elkartu ziren azkenekoz Isabel Rodriguez, ezkerrean, eta Maria Txibite. Gaur Nafarroako Jauregian izenpetuko dute akordioa. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
joxerra senar
2022ko martxoaren 31
11:33
Entzun

Iazko abuztuan Iruñeko espetxeko presoei osasun zerbitzua emateko eskumena bere gain hartu ostean, hogei urteren buruan egiten den bigarren transferentzia da. Urritik aurrera Nafarroak bere gain hartuko du bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketa. 2020ko ekainetik indarrean den diru laguntza hori Gizarte Segurantzak kudeatu du. Urrira bitartean apurka egingo da transferentzia.

17:30ean izenpetu dute akordioa Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politiketako ministroak, Iruñean Transferentzien Batzordearen bileran. Bi aste lehenago urrats bera egin zuen Eusko Jaurlaritzak, eskumen hori bere gain hartuko baitu hark ere. Berez, urrian, aurtengo estatuko aurrekontu orokorren negoziazioan, hitzartu zuen EAJk PSOErekin konpromiso hori, eta Nafarroa ere akordioaren barruan sartu da azkenik.

Bilera amaituta, «oso positibotzat» jo du Txibitek, bi gobernuen arteko akordioaz haratago, parlamentu talde guztiek aho batez onartu dutelako. Isabel Rodriguezek gogora ekarri du ez direla hogei urte pasatu behar izan Lurralde Potlitikako ministro bat Iruñera joateko transferentzia bat hitzartzera, «bederatzi hilabete baizik». Nafarroako Gobernuari «leialtasun instituzionala» eskertu dio. «Ez dira garai errazak, baina erakutsi dugu batuta gaudenean indartsuagoak garela eta zailtasunei hobeto aurre egiten diegula».

Txibitek azaldu du bai gutxieneko diru sarreren errentarekin, bai eta errenta bermatuarekin pobreziari aurre egitea eta onuradunen kontratazioa hobetzea bilatzen dela. Hala, aurreratu du errenta bermatua jasotzen dutenen kontratazioa %40 hobetu dela. Rodriguezek, era berean, aipatu du Madrilek aste honetan aurkeztutako dekretuan, gutxieneko diru sarreren errenta %15 handituko dela, batez beste.

Orain, Foruzaingoak trafikoaren eskumena bere gain hartzeko transferentziaren akordioa falta da. Javier Remirez presidenteordeak atzo onartu zuen negoziazioa zaildu dela, kostuari buruzko desadostasunak dituztelako. Txibitek adierazi du prozesua konplexua dela baina «lanean jarraituko» dutela akordioa lortzeko. Rodriguezek gaineratu du «aurki» berriro etortzea espero duela eta horretarako borondate politikoa dutela.

Elkarren osagarri

Hego Euskal Herriko bi gobernuek hamarkadatako esperientzia dute gutxieneko errenta propio baten garapenean. Nafarroaren kasuan, 1999an sortu zuen, eta egun 13.000 onuradunek jasotzen dute errenta bermatua. Azken bi urteetan, elkarren osagarri izan dira laguntza hori eta 2020ko ekainean Espainian indarrean sartutako gutxieneko diru sarrereren errenta. Urritik aurrera Gizarte Eskubideen Departamentuak hartuko du bien kudeaketa bere gain.

Akordioaren arabera, Nafarroako Gobernuak 48 milioi euro aurreztu ahalko ditu. Estatuko aurrekontu orokorretan 3.021 milioi euro bideratzen dira diru sarreren gutxieneko errenta finantzatzera, eta kopuru horri ezartzen zaio %1,6ko inputazio indizea —bere gain hartu gabeko eskumenen kopurua kalkulatzeko ezartzen den zifra orokor horrek Espainiako BPGarekiko Nafarroako errentaren pisua hartzen du erreferentzia gisa—. Beste aurrezpen gehigarri bat izan dezake Nafarroak: izan ere, aurten espero da zehazki 41 milioi euro bideratuko direla bizitzeko gutxieneko diru sarrera ordaintzera.

Doikuntza bidez finantzatuko du Madrilek diru hori, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala —kupotik deskontatuko da—. Hala, Nafarroak ez du urtero estatuari ordaintzen dion ekarpen orokorretik 48 milioi euro kenduko, baizik eta Madrilen eta Iruñearen arteko diru mugimenduetan aintzat hartuko da kopuru hori —hiruhileko bakoitzean 12,9 milioi euro ordainduta, zehazki—.

17.606 onuradun Nafarroan

Egun, Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren arabera, Nafarroan 17.607 onuradunek jasotzen dute gutxieneko diru sarreren errenta —Hego Euskal Herrian, orotara, 54.421 onuradun daude—: horietatik 10.224 helduak dira, eta 7.383, adin txikikoak. Errentaren kopuruari dagokionez, gutxienekoa 470 eurokoa da, bakarrik bizi den heldu batentzat, eta gehienezkoa, 1.082 eurokoa, bi heldu eta hiru adingabe edo gehiago dituen familia batentzat. Nafarroako errenta bermatua, berriz, 658 euro eta 1.316 euro artekoa da.

Diru kopuruez harago, kudeaketa bere gain hartzeak tramitazio arazoak eta akatsak eragotz ditzake. Abenduan bertan, Gizarte Segurantzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko informazio trukean izandako akats tekniko baten ondorioz, 2.165 familiari atzeratu egin zitzaien abenduko errentaren ordainketa. Halako akats bat gertatzen zen lehen aldia izan zen, eta gobernuak barkamenak eskatu zituen. Kudeaketa bere gain hartuta, deskoordinazio arazoak errazago saihestuko dira, eta, gertatzekotan, ardura osoa izango luke Nafarroak.

Transferentzia, dena den, bi epetan egingo da. Irailera arte, Gizarte Segurantzak jarraituko du ordaintzen errenta hori, baina bi erakundeen artean bateratzen joango dira informazio eta kudeaketa sistemak hilabeteotan, eta, era berean, administrazio unitateak sortuko dira gizarte zerbitzuetan herritarren informazioa eta zerbitzu arreta eskaintzeko. Urriaren 1etik aurrera, departamenduak bere gain hartuko du osorik:tramitazioa, arreta zerbitzua, ordainketa eta kontrola

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.