KORONABIRUSA

Izurriaren bukaera OMErentzat: aldaera berrien eta desoreka sozialen araberakoa

Erakundearen arabera, «litekeena da koronabirusak eboluzionatzea, baina gaitzak indarra galtzea», immunizazio maila altuarengatik

OMEko buru Tedros Adhanom Ghebreyesus. ESKINDER DEBEBE / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 31
12:24
Entzun

COVID-19a ez da desagertuko. Ez, behintzat, luze gabe. Pandemiaren etorkizunari buruzko gogoeta egin du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, COVID-19ari aurre egiteko hirugarren prestakuntza planaren barruan. Zehazki, zenbait agertoki posible jarri ditu mahai gainean erakundeak: adituen esanetan, «litekeena da» SARS-CoV-2 birusak eboluzionatzea, baina eragin dezakeen gaitza indarra galduz joatea, herritarren immunizazio maila altua dela eta.

«Immunitateak apaltzera egin ahala, gerta litezke kasu eta heriotzen goraldi puntualak, eta, hartara, beharrezkoak izanen lirateke txertoen dosi gehigarriak sektore zaurgarrientzat», azaldu du erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek, aste honetan.

OMEk aztertutako aukera guztien artean, badira hori baino aurreikuspen baikorragoak, baina baita ezkorragoak ere. Egoerarik onenean ere, gaitza ez litzateke desagertuko, baina birusaren aldaera berriak «arinagoak» izanen lirateke, eta, hortaz, ez litzateke beharrezkoa izanen egungo txertoak birformulatzea, ezta dosi gehigarriak jartzea ere. Planteamendurik okerrenean, mutazioak «erasokorragoak eta kutsakorragoak» izanen lirateke, eta immunitatea nabarmenki apalduko litzateke.

Tedrosen esanetan, OMEk argitaratu berri duen hirugarren plan hau azkena izan litzateke, «pandemiaren fase akutua bukatutzat jo aurretik».

Neurri murriztaileak arintzeaz, uzkur

Europako zenbait gobernuk COVID-19aren aurkako prebentzio neurriak arintzera jo dute, eta joera horri uzkur begiratu dio Tedrosek: «Uneotan, eskura ditugu izurria kontrolpean izateko baliabide guztiak: transmisioa eragotz dezakegu maskarak, urruntzea, eskuen higienea eta aireztapen ona erabilita». OMEren Osasun Larrialdietako zuzendari Mike Ryanen aburuz, gobernu askok «herritarren bizkar utzi dute gaitzari aurre egiteko ardura», baina ohartarazi du positiboen igoerak –gehienak kasu arinak izanagatik ere– tentsioan jarri dituela jada Europako zenbait herrialdetako osasun sistemak.

Pandemia behin betiko bukatzeko bidean, Tedrosek ezinbestekotzat jo du munduko herritar guztien %70 eta sektore zaurgarrien %100 txertatzeko helburua. «Diru sarrera handi eta ertaineko herrialde askok lortu dute jada helburu hori, eta zeharo murriztu dituzte positiboak eta heriotzak, baina gogoratu behar dugu munduko herritarren herenak ez duela dosi bakar bat ere hartu oraindik». Afrikako populazioaren %83, adibidez, txertatu gabe dagoela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.