Bertsolaritza

Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Bost urterako elkarlanerako akordioa izenpetu dute. Besteak beste, Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa abiatuko dute.

Euskaltzaindiako eta Bertsozale Elkarteko ordezkariak, Bilbon. EUSKALTZAINDIA
Erredakzioa
2022ko apirilaren 1a
16:05
Entzun

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak bost urterako elkarlan hitzarmena sinatu dute. «Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako, zabalkunderako, ikerketarako eta transmisiorako proposatzen diren egitasmoen inguruan» gauzatuko da bi erakundeon arteko elkarlana, ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, Beñat Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari taldeko kide eta ikerkuntza arduradunak eta erakunde bereko koordinatzaile Idoia Trenorrek hartu dute parte hitzarmena izenpetu den agerraldian.

«Bertsolaritzarekin eta elkartearekin harreman estua izan du betidanik Euskaltzaindiak, eta, hitzarmen honen bitartez, erakundeon arteko elkarlanean sakontzea eta elkarrekin euskalgintzan eta kulturgintzan eragiteko gaitasunak biderkatzea da gure nahia», adierazi dute Bertsozale Elkarteko kideek. Bide beretik mintzatu da Urrutia ere: «Bertsozale Elkartearekin betidanik izan ditugun loturak berresten ditu akordioak. Euskaltzaindiak pozik hartzen du elkarrekiko lankidetzaren eraberritze hau, eta etorkizunerako oinarriak ikusten ditu bertan, euskara bere osotasunean lantzeko, euskararen munduko hainbat sektorerekin batera». Hitzarmenaren atal jakin bati ere erreparatu dio: «Bertsozale Elkartearen testuak jasotzeko aukera baliatuko dugu, aurrerantzean ahozko literatura ere presente egon dadin euskararen estandarizazioan».

Ikusi gehiago:Gaur abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa, Amurrion

Hitzarmenaren bidez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute «euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, zabalkundean eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko». Halaber, azaldu dute bertsolaritza ezagutzera emateko egitasmoak, monografiak, bertsozaletasuna indartzeko lehiaketak, ikastaroak, ikerketak, bekak eta beste abian jarri ahal izango dituztela elkarlanean. Horrez gain, Euskaltzaindiak baliatu egingo luke Bertsozale Elkarteak iraganean eta hitzarmena indarrean den bitartean sorturiko euskarazko edukia, akademiaren ahozko zein idatzizko edukiak biltzen dituzten datu baseak aberaste aldera.

2022rako egitasmo zehatzak

Bi erakundeek zenbait egitasmo elkarlanean garatuko dituzte aurten. Mintzola programari lotuta, esaterako, iaz Mintzolak EHUko Mikel Laboa katedrarekin batera adjudikatutako bi ikerketa sarien jarraipena eta zabalkundea elkarrekin egingo dute. Honako bi hauek dira: Xabier Leteren prosodia musikalaren alderdi batzuk (Ikertzailea: Agustin Mendizabal Iturria); eta Bollerak bertsolaritzan: diskurtsoak, praktikak eta eraldaketa sozialerako proposamenak (Ikertzailea: Maider Arregi Markuleta). Halaber, Ahostegunak eta Ahots baten sormen egonaldiak ekitaldien antolaketan ere elkarrekin jardungo dute bi erakundeek.

Bestalde, eta ikerketari dagokionez, jakinarazi dute elkarrekin jarriko dutela abian Bertsolariek kantuan darabilten hizkuntzaren azterketa linguistikoa ikerketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.