Euskara dohainik ikasi ahal izatea aldarrikatu dute Donibane Garaziko adierazpenean

AEK-k eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek neurriak eskatu dizkiete Euskal Herriko erakundeei, «euskara ikasteko bidea doakoa izan dadin». Agiria Hitzekin, denok euskara doan dinamikaren barruan aurkeztu dute, Korrikaren testuinguruan.

Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 4a
16:33
Entzun

«Orain da 22. tantoa egiteko unea: euskararen doako ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko unea». 22. Korrikaren testuinguruan, Donibane Garaziko adierazpena aurkeztu dute AEK-k eta beste hainbat euskaltegitako ordezkariek. Aldarrikapen argia egin dute: euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dute. Euskal Herriko erakunde publikoei eskatu diete hori hala izan dadin neurriak hartzeko.

Adierazpena Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak irakurri du gaur arratsaldean Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) Gau Eskolaren atarian, eta, jarraian, hara iritsi da Korrika, Donibane Garaziko adierazpenaren kilometrora. Agiria Hitzekin, denok euskara doan dinamikaren barruan aurkeztu dute.

«Euskaraz bizitzea erronka dugu, eta, horretarako, ezinbesteko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa; denon eskubidea delako», hasi da irakurtzen Iribarren. «Jauzi esanguratsuak emateko garaia» dela esan du; besteak beste, hizkuntza politiketan eta euskararen normalizazio prozesuan, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzeko: «Argi dugu euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu behar direla, eta hori erdiesteko nahitaezkoa da ezagutza bermatzea».

Ardura, bereziki, administrazio publikoaren gain jarri du adierazpenak, haiek «rol garrantzitsua» jokatzen dutelakoan: «Bistakoa da egungo hizkuntza politikek oraindik ez dutela hiztunen arteko hizkuntza berdintasuna lortu. Euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak jarri behar dira abian».

Elkarlanean

Agintariei eskatu diete arreta jartzeko ezagutza unibertsalizatzeko iturri eta balditzetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean, eta hizkuntzaren transmisioan eta sozializazioan. Helburua izango litzateke Euskal Herri osoan euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea. Horretarako, dei berezia egin diete Ipar Euskal Herriko erakunde publikoei, EEPri eta Euskal Elkargoari; helduen euskalduntze arloarentzat beharrezkoak diren diru laguntzak eskatu dizkiete, «euskara eskubide gauzagarria izan dadin ikasi nahi duen ororentzat».

«Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu (UEMA, Euskarabidea, EEP, HPS, udalak, Kontseilua...). Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide orria. 22. tantoa jokatzera goaz, eta, denon artean, elkarlanean, partida irabaziko dugu!», amaitu du Iribarrenek.

Ikusi gehiago:Korrikaren zuzeneko jarraipena, BERRIAn

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.