Prentsa askatasuna

Pablo Gonzalez kazetaria «berehala aske uzteko» eskatu dute zenbait kazetari eta herri komunikabidek

Erakundeei eskatu diete eragiteko, «frogatu delako presio diplomatikoa eraginkorra izan daitekeela». Babesa agertu diete senideei eta lagunei.

Pablo Gonzalezen argazkia, Ukraina ekialdeko Dnipor herriko lantegi batean, joan den otsailaren 2an. PABLO GONZALEZ
unai etxenausia
2022ko apirilaren 5a
12:52
Entzun

«Pablo eta kazetaritza libre nahi ditugu». Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarraren atxiloketa, inkomunikazioa eta espetxeratzea direla eta, adierazpen bat plazaratu dute Euskal Herriko zenbait kazetari eta herri komunikabidek. Erakundeei eta Gonzalezen askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu diete kazetaria «lehenbailehen etxera ekartzeko» lanean hasteko. «Askotan frogatu da presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela, horretarako egiazko indarra jartzen denean. Ziur gaude hala izango litzatekeela Pablo Errusian atxilotu izan balute», adierazi dute. Informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela ekarri dute gogora.

Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Hala Bedi irratia, Ahotsa.info, Radio France eta Arabako Alea-ko hainbat kazetari. Testuaren bitartez, elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete kazetariari eta haren senideei eta lagunei, eta berehala aske uzteko eskatu dute.

Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat espioitza lanak egitea egotzita, otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez, Polonian. Inkomunikatuta dago, eta haren senitarteko eta lagunek kezka handiz bizi izan dituzte handik aurrerako guztiak. Ukrainatik iritsitako errefuxiatuen berri ematera joana zen hara.

«Gerra egoera honetan, are garrantzitsuagoa da kazetaritza eta informazioaren profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrok lehen eskutik jasotzeko», azaldu dute sinatzaileek. Hala ere, gogoratu dute gerra guztietan bezala, «kazetariak ere helburu militar» bihurtzen dituztela. Lekuko deserosoak direlako eraso egiten dietela uste dute, «informazio askatasuna urratuz». Are, kezkagarritzat jo dituzte ere Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen «Europako Batasunaren deriba autoritarioa», eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak.

Gogoratu dute Euskal Herriak bertatik bertara ezagutzen duela prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketa: «Lurralde honetan komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituzte». Gainera, azpimarratu dute gaur egun Espainian mozal legeak indarrean jarraitzen duela, eta, «lege bidegabe horren bidez», testua sinatzen duten hedabide eta hainbat kazetariri isunak jarri dizkiete, edo jazarri egin zaizkie noizbait. «Horregatik guztiagatik, ondo dakigu Pablo eta haren senideak sufritzen ari diren egoera oso latza eta makurra dela», azaldu dutenez. Hori dela eta, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakundeei eta Gonzalezen askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu diete kazetaria «lehenbailehen etxera ekartzeko» lanean hasteko.

Atxilotu zutenetik babes andana jaso du Gonzalezek, eta hura askatzeko eskaera ugari izan dira. Besteak beste, BERRIAko langile batzordeak ere martxoaren hasieran eskatu zuen Gonzalez «berehala» askatzeko. Horrez gain, EITBko erredakzio kontseiluak, Kazetarien Elkargoak eta beste zenbait erakundek zein hedabidek ere eskatu dute kazetariaren askatasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.