auzitegiak

Sortuk bat egin du 13/13 auziko epaiaren aurkako protestekin

Donostian eta Bilbon manifestazioak egingo dituzte larunbatean.

13/13 auziko auzipetuak, joan den uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko atarian. MARTA JARA / FOKU
jon olano
2022ko apirilaren 5a
18:00
Entzun

Datorren larunbatean mobilizazioak egingo dituzte, Bilbon eta Donostian, 13/13 auzian zigortutako Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Nahia Zuriarrain eta Iker Sarriegiren aurkako epaia arbuiatzeko. 17:30ean egingo dituzte protestak, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Saguesetik abiatuta, eta joatera deitu du Sortuk, zigorrak salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.

Ohar batean, Sortuk salatu du Euskal Herriak «bakean, bizikidetzan eta askatasunean bizitzeko pauso sendo eta atzeraezinak» eman arren «sakoneko estatuak oztopoak baino» ez dituela jartzen, «edozein aurrerapen eragozteko asmoz». 13/13 auzia horren adibide jarri dute: «Lan juridikoa eta preso politikoekiko elkartasuna jopuntuan jarri zuten 2011n abiatutako operazio honen bidez. Prozesua eskandaluzkoa izan da oso-osorik, irregulartasunez zipriztinduta egon baita: tortura salaketak, abokatuen bulegoen erregistro susmagarriak, CNIren esku hartzea, prozesuaren beraren luzapena...».

Euskal Herria eta ezkerreko independentismoa «iraganera kateatzeko ahalegin mingarria» da epaia, Sorturen iritziz: «Mingarria baina alferrekoa. Bistan da: herri hau mugitzen ari da, ez baikaude iraganeko lekuan, eta ez diogu aurrera egiteari utziko. Bakea, bizikidetza eta askatasuna lortzeko determinazioa ez dute geldiaraziko». Horiek horrela, «herri gisa erantzun zabala» ematera deitu du, «demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako erasoa delako».

Auzitegi Nazionalak joan den astean eman zuen 13/13 auziko epaia. Arantza Zuluetari jarri dio zigorrik gogorrena: lau urteko zigor bat «erakunde terroristako kide» izateagatik, eta hiru urte eta sei hilabeteko beste bat «armak eta lehergaiak edukitzeagatik». Guztira, beraz, zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra. Jon Enparantzari lau urteko kartzela zigorra ezarri diote, Naia Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa: «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen diete hirurei. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi duenez, atzerapenengatiko aringarria onartu diete. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo auzipetuak, berriz, absolbitu egin ditu auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.