EAEko Hezkuntza Legea

Hezkuntza akordioaren aurka protesta egin dute Eusko Legebiltzarreko atarian

Steilasek eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak antolatu dituzte protestak, sare publikoaren defentsan. Steilasek lanuztera deitu du gaur ikastetxe publikoetan eta Haurreskolak partzuergoko zentroetan, eta, adierazi duenez, lanuzteak «%100eko eragina» izan du.

Steilasek Eusko Legebiltzarraren parean deituko protesta. BERRIA
Edurne Begiristain.
2022ko apirilaren 7a
10:57
Entzun

Egun seinalatua da gaur hezkuntza itunaren tramitazioan: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak behin betiko onetsiko du akordioa, eta, hemendik aurrera, testu hori oinarri hartuta EAEko Hezkuntza legearen egitasmoa ontzen hasiko da Eusko Jaurlaritza. Baina testu horrekiko oso kritiko agertu dira Steilas sindikatua eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma, eta protestara deitu dute goizean goizetik Eusko Legebiltzarraren atarian. Sare publikoaren aldeko protestara deitu dute, uste baitute akordioak sistema duala betikotu egiten duela eta ez duela sare publikoa lehenesten.

Steilasek elkarretaratzera deitu du goizean, eta ehunka lagun batu dira Ez saldu euskal eskola publikoa leloa zuen pankartaren atzean. Parte hartzaileek Eusko Legebiltzarraren eraikina inguratu dute publikoaren eta murgiltze ereduaren aldeko oihuen artean. Goizean, gainera, sindikatuak hiruzpalau orduko lanuztera deitua zuen ikastetxe publikoetan eta Haurreskolak partzuergoko zentroetan. Nagore Iturrioz bozeramaileak esan du lanuzteak «erantzun zabala» izan duela, eta gaurkoa mobilizazioen lehenengo urrats bat dela, gehiago etorriko direla. Sindikatuak emandako datuen arabera, lanuzteak «%100eko eragina» izan du ikastetxe publikoetan eta Haurreskolak patzuergoan. «Ikastetxe denetan izan da nabaria, maila handiagoan edo txikiagoan», esan du sindikatuak ohar batean.Lanuztearen harira, Steilasek salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskoletako gerentziak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak»izan direla, eta ez dutela langileen greba eskubidea bermatu. «Haurreskolak partzuergoari dagokionez, ordutegien ondorioz ia-iaezinezkoa izan da bertan lanuztea egitea», sindikatuak salatu duenez.

Eusko Legebiltzarraren parean egindako protestan, berriz, Iturriozek azaldu du ez daudela ados hezkuntza itunarekin: «Abiapuntua okerra da, bi sareak berdintzen dituelako hein handi batean, eta ez duelako euskal eskola publikoaren aldeko apustu irmo bat egiten». Erantsi du euskal eskola publikoari «duintasuna» eman nahi diotela, eta aurrerantzean borrokan jarraituko dutela.

Steilasek baino ordu erdi lehenago, elkarretaratzera deitu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak ere. Salatu dute akordioak hezkuntza pribatua lehenetsi eta sistema duala «betikotzen» duela. «Sare pribatuaren finantzaketa handitzeko joera garbia ikusten dugu, ezin dugu ontzat eman», esan dute. Akordioak euskararen inguruan egiten duen proposamena murgiltzen eredutik aldentzen dela salatu dute, halaber. Eta iragarri dute jarraituko dutela mobilizatzen euskal eskola publikoaren defentsan. Maiatzean iragarriko dituzte mobilizazio berriak.

ELAren kritika
Bestalde, ELAk ohar batean adierazi du «etsigarria» dela alderdien helburu bakarra izatea akordiorako gaitasuna erakustea: «Funtsezko gaietan benetako aldaketak adostu ez arren, hobekuntza nabariak egin dituzten itxurak egin dituzte». Sindikatuak uste du egungo hezkuntza sistema «betikotzeko» proposamena dela adostutakoa. Gainera, dena berdin uzteko bi bide erabiltzea egotzi die alderdiei: batetik, «literatura eta abstrakzioa» erabiltzea edukiak bakoitzak «nahi bezala» interpretatu ahal izateko; eta, bestetik, legean adosterik izango ez dituzten gaiak legea onartu eta gerorako arautegi batera bideratu dituztela.

ELAk uste du legearen helburuak zera izan behar duela, sare bakarreko «hezkuntza sistema propioa, euskalduna, publikoa, inklusiboa eta plurala» lortzea, zeinak langileen lan baldintza egokiak bermatuko dituen. Sindikatuak salatu du, ostera, Hezkuntza akordioak ez duela xede bera, eta lau alderdiei leporatu die «marko arautzaile eta kurrikular propio» bati uko egitea.

Datozen hilabeteetan, ELAk batzarrak egingo ditu eskoletan gaia aztertzeko, eta elkarlana bilatuko du mobilizazioak eta grebak bultzatzeko prest dauden eragileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.