Energia

Erresuma Batuak beste zortzi erreaktore nuklear jarri nahi ditu hamarkada honetan

2050. urterako herrialdearen elektrizitate eskariaren %25 betetzea nahi du. Tamaina txikiko erreaktoreak lirateke. Itsasoko eolikoen eta eguzki energiaren produkzioa bost aldiz handitu nahi du 2030a baino lehen.

Yorkshire eskualdeko zentral nuklearra; iazko abuztuan eratsi zuten. EFE
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 7a
12:49
Entzun

Erresuma Batuak erreaktore nuklear gehiago egingo ditu energia «eskuragarriagoa» sortzeko, independentzia energetikoa bultzatzeko eta energiaren prezioen igoera handiari aurre egiteko. Horretarako, energia nuklearraren alde egin du argi. Hala jasotzen du Boris Johnsonen gobernuak ostegun honetan aurkeztutako Segurtasun Energetikoaren Estrategia Planak: beste zortzi erreaktore nuklear martxan jarri nahi ditu hamarkada honetan, eta beste hainbat hurrengo bi hamarkadetan..

Herrialdean dauden sei zentral nuklearrek —11 erreaktore guztira— 6,9 gigawatt (GW) sortzen dituzte gaur egun. Gobernuaren asmoa da 30 urtean 24 GWera iristea. Great British Nuclear gobernu erakundeak kudeatuko ditu egitasmoak. Johnsonek nahi du 2050. urterako energia nuklearreko plantek Erresuma Batuaren elektrizitate eskariaren %25 betetzea.

Gobernuak zehaztu duenez, zortzi erreaktore berrietako gehienak egun martxan dauden edo duela gutxi arte funtzionatzen egon diren plantetan jarriko dituzte. Litekeena da horietako bat Ynys Mon uhartean (Gales) jartzea. 2015era arte zentral batek funtzionatu zuen han, eta eraiste prozesuan dago. Ez dute baztertzen, halaber, luze gabe Suffolken (Ingalaterra) planta berri bat eraikitzea. Horrekin batera, «tamaina txikiko» beste bi erreaktore modular jarriko lituzkete martxan.

Horretarako, Rolls-Royce motor aeronautikoen fabrikatzailea garatzen ari den teknologia berria baliatu nahi du gobernuak. Erreaktore txikiagoak dira, seriean egin daitezke, eta, horien produkzio ahalmena txikiagoa den arren, arriskuak ere txikiagoak dira, eta askoz merkeagoak dira: 20 milioi eurotik beherakoak.

Energia «berdea»

Segurtasun Energetikoaren Estrategia izeneko planaren bidez, gobernuak lortu nahi du Erresuma Batuan 2030. urterako sortutako elektrizitateak %95 karbono gutxiago isurtzea. Energia nuklearraz gain, energia eolikoa, eguzki energia eta hidrogenoa bultzatu nahi ditu.

Energia eolikoari dagokionez, itsasoko haize erroten aldeko apustua egingo du, lurrekoen kaltetan, eta hamar urtean produkzio ahalmena orain halako bost izatea nahi du: 50 GWekoa. «Erresuma Batuko etxe guztiak elikatzeko adina». Tamaina berean handitu nahi du eguzki energiaren produkzioa, 14 GW ekoizteko helburua ezarrita. Eta 2030erako karbono isuri txikiko hidrogeno ekoizpena bultzatuko du; baina ez du helburu zehatzik jarri. Era berean, udazken honetan Ipar Itsasoan petrolio eta gas putzu gehiago ustiatzeko lizentzia berriak emango dituela aurreratu du.

Erresuma Batua ez da egungo egoeran energia nuklearraren aldeko apustua egin duen Europako herrialde bakarra. Iazko urrian, Emmanuel Macronek Frantzia 2030 industrializazio plana aurkeztu zuen: jakinarazi zuen gobernuak mila milioi euro inbertituko dituela erreaktore nuklear txiki eta modularrak garatzeko, eta beste sei erreaktore nuklear agindu zituen 2035. urterako.

Alemanian, bizi-bizi dago eztabaida. Angela Merkelek bizialdia luzatu nahi izan zien herrialdean zeuden erreaktoreei, baina, azkenean, zentral guztiak 2022rako ixteko agindu zuen. Hiru itxi zituzten iaz, eta geratzen diren beste hirurak aurten ixtea da asmoa. Ikusteko dago Olaf Scholz sozialdemokrata buru duen koalizio gobernuak —liberalekin eta ekologistekin batera— zer erabaki hartzen duen.

Europako Batasunak ere hartu du posizioa. Argindarra merkatzeko martxoan emandako gomendioetan energia nuklear gehiago ekoizteko aukera aipatu zuen. Otsailean, energia nuklearra taxonomia berdean sartu zuen: alegia, nuklearra inbertsio berdetzat hartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.