Hilberria

Iñaki Segurola idazle eta hiztegigilea hil da, 60 urterekin

Ikasketaz filologoa izanik, Orotariko Euskal Hiztegian jardun du lanean urteetan. Larunbatean egingo diote azken agurra, 19:00etan, Azpeitian.

Iñaki Sgurola, iaz, BERRIArekin eginiko elkarrizketa baten. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 15a
13:29
Entzun

60 urterekin zendu da Iñaki Segurola idazle, filologo eta hiztegigilea (Azpeitia, Gipuzkoa, 1962-2022). Batik bat, hiztegigintzan eginiko lanagatik da ezaguna. Urteak egin ditu Orotariko Euskal Hiztegian lanean, baita Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan ere. Euskaltzain urgazlea zen 1991tik. Liburu ugari ateratakoa ere bada, eta hainbat kolaborazio egin ditu irratian. Segurola gaur agurtuko dute, 19:00etan, Azpeitiko Carmona ehorztetxeko agurren aretoan. Bizialdian zenbait esparrutan hurbil izan dituen lagun batzuen hitzak jaso ditu BERRIAk.

Ikusi gehiago:Arantxa Iturberen iritzia: Juxtu gaurkoa al huen?

Iñaki Segurolak parte hartu zuen hiztegigintza proiektuan, Ibon Sarasola euskaltzaina izan zen gidaria. Urteetan izan dira elkarren ondoan. Haren esanetan, Segurola «giltzarri» izan da Orotariko Euskal Hiztegia ontzeko prozesuan, eta haren euskararen kalitateari zor zaio hori, batik bat. «Euskararen gaineko ezaguera ikaragarrizkoa zuen», adierazi du. Hain zuzen ere horregatik, proiektuan parte hartzeko jende bila ari zela, Sarasolak dudarik ez zuen izan han behar zuela Segurolak. «Hari egin nion lehenengo deia». Gainera, dudak izan dituenetan emandako laguntza nabarmendu du Sarasolak: «Problemaren bat izan dudanean, zalantzarik izan dudanean, harengana jotzen nuen lehenengo».

Askok miresten dute Segurolaren euskara, ertz ugariri erreparaturik, gainera. Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak, besteak beste. Segurolak parekorik ez zuela entzun izan zion bati baino gehiagori: «Ez da egongo euskara batuan Iñaki Segurolak baino hobeto idazten duenik». Halere, Etxegoienek nabarmendu du Segurolak «herri hizkeraren defentsa» egiten zuela aldi berean.

Etxegoienek erantsi du hizkuntza baliatzeko Segurolak zuen moduak begiak zabaldu zizkiola zentzu batean: «Batzuek defendatzen dute hizkuntza batean aritzeak, edozein dela ere, kosmogonia jakin bat dakarrela, mundu ikuskera bat. Ni neu nahiko eszeptiko sentitu naiz kontzeptu horrekiko, baina Iñakiren gauzak irakurrita laketu egiten nintzen pentsaera horrekin, adiskidetzen, hor bai ikusten nuelako ikuskera bat islatzen zela».

Idazle fin eta ausarta

Hainbat liburu idatzitakoa da Segurola: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakera argitaratu zuen 2005ean, eta, haren atzetik, ondu zituen beste hainbat ere, hala nola Nere gorringotik, Arrazoia ez dago edukitzerik eta Sed quia sua. 2021ean atera zuen argitara azken lana: Koiteretzia eleberria. Iazko ekainean elkarrizketatu zuen BERRIAk azkenekoz, liburu horren harira. «Hizketa arruntaren bitartez gauza asko adierazi litezke».

Segurolaren liburu guztietan ez, baina ia denetan izan zuen ondoan Alberdania argitaletxeko Inazio Mujika Iraola, editore zereginetan. «Testuak entregatzen zizkigunerako, bikainki izaten ziren. Ia ezinezkoa zen ezer zuzentzea, iruzkinak egitera mugatu behar izaten nuen askotan, testuak harekin iruzkintzera, gustura oso», azaldu du Mujika Iraolak, Segurolaren heriotzaren berri izan berritan. Shockean utzi du albisteak, BERRIAri aitortu dionez. Azaldu du, halaber, «oso pertsona berezia» zela Segurola.

Haren idazteko moduaren berezitasunei erreparatu die, sakon, Alberdaniakoak. «Prosa ederra zuen, azpeitiarra eta oso berea ere bai», zehaztu du. Maiz izaten zituzten hizkuntzaren gaineko hizketaldiak, baita Whatsapp bidez ere. «Hitz batzuei buruzko kontsultak egiten genizkion elkarri. Gaur kontsultatu dut egin zidan azkena, joan den astekoa: 'Kaba. Erabili al duk inoiz?'. Hitza oinazearekin dago lotuta, hain zuzen».

Segurolak euskal literaturari eginiko ekarpena nabarmendu du Euskal Idazleen Elkarteko kide Goizalde Landabasok. Elkarteko zuzendaritza taldekoa da Landabaso. Haiek ere ustekabean harrapatu ditu Segurolaren hilberriak. Doluminak igorri dizkie familia eta hurbilekoei, elkartearen izenean. «Haiek izango baitira Iñakiren galera gehien sufrituko dutenak». Hiztegigile eta idazleak berezko zituen zenbait ezaugarri azpimarratu ditu Landabasok: «Solaskide aparta zen, ironia eder batekoa. Egia esan, erraza zen harekin eztabaidatzea, eztabaidatzeko modu osasuntsua baitzen berea; gaur egun hainbeste falta dugun hori zuen, hain justu».

Ahotsaz ere bai

Letra idatziei loturik ez ezik, irrati uhinetan ere maiz ibili da Iñaki Segurola. Hamar urte baino gehiago egin zituen Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok zuzentzen duten Euskadi Irratiko Arratsean saioan, Sermoia izeneko tartean kolaboratzaile. Astegunetan izan zen. Geroago, berriz, asteburuetan aditu ahal izan dira Segurolaren hitzak irrati kate horretan. Gainera, Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrien saioan ere aritu zen denbora tarte batez. Ostiela aldizkarian parte hartu zuen, beste beste, eta Euskaldunon Egunkaria-n ere argitaratu zituen artikuluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.