Hilberria

Azken agur sentitua eman diote Iñaki Segurolari Azpeitian

Jendetza bildu da idazle eta hiztegigilea agurtzeko. Ostiralean zendu zen, 60 urterekin.

jarraia212264.jpg
Itziar Ugarte Irizar - Mikel P. Ansa
2022ko apirilaren 16a
20:48
Entzun

Emanaldi soila eta laburra izan da, baina hurbilekoa ere bai. Iñaki Segurolari idazle eta hiztegigileari azken agurra eman diote Azpeitian (Gipuzkoa), Carmona ehorztetxeko agurren aretoan. Bertsoak, argazkiak, kantuak eta adiskide min zituen horien hitzak kateatu dituzte, eta gogora ekarri euskarari eta kulturgintzari egin zion ekarpena.

Senide eta lagunez gain, kultur munduko jende ezaguna ere joan da agur ekitaldira. Han ziren Nerea Ibartzabal eta Maialen Lujanbio bertsolariak, eta Fermin Etxegoien eta Iban Zaldua idazleak, beste askorekin batera. 19:00etan hasi dute agur ekitaldia, eta ordu erdi inguruko ekitaldia eginda bukatu dute.

Ikusi gehiago:Arantxa Iturberen iritzia: 'Juxtu gaurkoa al huen?'

Ostiralean hil zen Segurola, jaioterrian bertan (Azpeitia, 1962 - 2022). Ezagun zen idazle eta hiztegigile gisa, baita zenbait irratsaiotan eta aldizkaritan egindako kolaborazioengatik ere. Euskarari egin dion ekarpena gogoan eduki zuten haren gertukoek. «Euskararen gaineko ezaguera ikaragarrizkoa zuen», azaldu dio Ibon Sarasolak BERRIAri.

Gaur ekitaldian izan da Etxegoien, eta atzo BERRIAri azaldu zion ez dela izango euskara batuan Segurolak baino hobeto idazten duenik, baina aldi berean «herri hizkeraren defentsa» egiten zuela. Idazkera eta prosa ederra zituela gogorarazi zuen Inazio Mujika Iraola editore eta idazleak.

Ezin «sekta bakar batekoa» izan

Iritzi zirikatzaileak eman eta eztabaida piztu zalea zen, irratian ere egin izan zituen kolaborazioetan ageri zuenez. «Zornea ateratzeko» joera zuela onartzen zuen berak: «Nire edo gure modukoei dagokiguna hori da: gauza txarrak edo gustatzen ez zaizkigunak astintzea edo auzitan jartzea». Inguru jakinetara ez mugatzekoa ere bazen: «Ni sekula ez naiz oso ondo ezkondu zerbait jakina izan behar horrekin, sekta bakar batekoa izatearekin. Uste dut hobe dela dozena erdi bat sektatakoa izatea».

2013an BERRIAri eman zion elkarrizketan, ea bere burua heterodoxotzat ote zeukan galdetu zion kazetariak: «Nik etimologiara jotzen dut... Heterodoxo izatea zera da: ofiziala ez den doktrina bat erakusten duena. Nik, nire ustez, ez dut doktrinarik erakusten. Baina gaur egunean heterodoxoa deitzen zaio artaldetik kanpo dagoenari. Arraroa denari, klasifikatzerik ez dagoenari... Heterodoxo, probokatzaile... Pixka bat nazkatuta nago... Igual egia da kulpa pixka bat edo puska bat badaukadala nik, eta igual gehiegitxo landu dudala kontrako joera hori. Zergatik? Ba, joder, euskarazko gauzetan komunio bat ikusi eta sentitu izan dudalako beti. Oro har, jendeak komunitate kontzeptu gisa hartzen du euskara. Denok jatorrak, denok txintxoak, 'denok bat gara'... Eta, noski, nola arituko gara elkarren kontra? Ezin dugu! Zer egiten dugu? Elkarri arrazoia eman. Orduan bihurtzen da interesik gabe zerbait. Hori beste heriotza modu bat da».

Arratsean irratsaioko kolaboratzaile izan zen urte askoan, eta, haren ekarpena gogoratuz, hitzez esan dio agur irratsaioaren gidarietako batek, Arantxa Iturbek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.