Lan harremanak

LHKra jo duten langileen %15ek bakarrik lortu dute akordioa

Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak onartu du lan negoziazioen aurrerapena «hutsaren hurrengoa» izan dela aurten eta hitzarmenen %74 berritzeko daudela

Bizkaiko metalgintzako lan ituna berritzeko bilera bat, LHKn egindakoa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko apirilaren 18a
12:34
Entzun

Ez dira garai errazak negoziazio kolektiborako. KPIaren igoera handiak, ekonomiaren ezegonkortasunak, energia krisiak… asko zailtzen dute langile eta enpresarien arteko akordioak lortzea. Hori ez da uste ustela, Lan Harremanen Kontseiluko datuek berretsi egiten baitute. Aurten Preco sistemaren artekaritza eskatu duten lan gatazken %21ean bakarrik lortu da akordioa. Batezbestekoa langile kopuruan aztertuz gero, aldea handiagoa da, %15,8k bakarrik lortu baitute adostasuna.

Baina zer da Preco-a? Precoa Lan Harremanen Kontseiluak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresa eta langileen esku jartzen duen artekaritza zerbitzu bat da. Bi aldeen arteko lan negoziazioak bideratzeko sortu zen. LHK erakunde publiko bat da, baina nortasun juridiko propioa du, eta lan harremanak kudeatzea du helburu. Aurten 139 lantokik eskatu dute haren artekaritza –iaz 228 izan ziren tarte berean–, eta 104tan dagoeneko bukatu da prozedura, eta 22 kasutan bakarrik lortu da akordioa (%21). Langile kopuruari dagokienez, 104 kasu horiek 17.770 langileri eragiten zien, eta 2.822k bakarrik lortu dute akordioa (%15,8).

Akordio ezintasuna lantegietatik haratago doa, dena den, sektoreko lan hitzarmenetan ere garai zailak izaten ari direlako. LHK ez du datu ofizialik eman, baina Tomas Arrieta erakundeko presidenteak datu deigarria azaleratu du asteburu honetan emaniko elkarrizketa batean: «Urte hasieran lan hitzarmenen %75 berritzeko zeuden, eta hiru hilabete geroago %74 daude egoera horretan». Arrietak berak zintzo onartu du «aurrerapenak hutsaren hurrengoa» izan direla.

Arrietak berak iragarri du hurrengo hilabetetan ere zaila izango dela akordioak lortzea, bai behintzat energia krisiaren eragin maila zenbatekoa den jakin arte. Egun langile askori eragiten dien lan hitzarmen asko berritzeko daude: besteak beste, Arabako (12.456 langile), Bizkaiko (49.712 langile) eta Nafarroako (35.000 langile inguru) metalgintzakoak, Bizkaiko bulego garbiketakoa (11.271 langile), Gipuzkoako eraikuntzakoa eta merkataritzarekin harremana duten gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.