Merkataritza elektronikoa

Amazonek ez zuen sozietate zergarik ordaindu Europan 2021ean

51.300 milioi euroko salmenta errekorra lortu zuen, baina 1.160 milioiren galerak deklaratu zituen, egindako inbertsioengatik.

Amazonek Trapagaranen( Bizkaia) duen biltegia. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 21a
16:13
Entzun

Berriz ere egin du Amazonek. Europan 51.300 milioi euroko salmenta errekorra lortu zuen iaz, baina ez zuen euro bakar bat ere ordaindu sozietate zergetan. Hori gutxi ez, eta 1.000 milioi euro jaso zuen diru laguntzetan, kreditu fiskaletan. Merkataritza elektronikoaren erraldoiak berriz ere erakutsi du ingeniaritza fiskala egiteko duen abilezia, ez baita Europako ogasunei izkin egitea lortzen duen lehenengo aldia. Bloomberg atari digitalak eman du horren berri, multinazionalaren barne dokumentuetan oinarrituta.

Baina nola egiten du hori Amazonek? Galerak aitortuz. Multinazionaleko arduradunek adierazi dutenez, Amazonen Europako filialak (Amazon EU Sarl) «Europako herrialde guztietan» ordaintzen ditu zergak, baina galerak izan dituela argudiatzen duenez, ez du sozietate zergarik ordaintzen. Iaz, 1.160 milioi euroren galerak deklaratu zituen, salmentak %17 ugaritu arren. Estrategia ez da berria. Gauza bera egin zuen 2020an; 44.000 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, baina 1.200 milioiren galerak deklaratu zituen, eta ez zuen sozietate zergarik ordaindu herrialde bakar batean ere.

Eta nola da posible salmentak nabarmen handitu arren galerak aitortzea? Inbertsio handiak egiten dituela argudiatuta, zentro berriak irekiz, enplegua sortuz. Hala adierazi dio Bloombergi Amazoneko bozeramaile batek. «Sozietateen gaineko zerga irabazietan oinarritzen da, ez diru sarreretan, eta iaz Amazon EU Sarlek galerak izan zituen: 50 zentro berri baino gehiago ireki genituen Europan, eta ondo ordaindutako 65.000 lanpostu baino gehiago sortu genituen. 2010etik 100.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu Europan, eta 200.000 langile baino gehiagoko lantalde iraunkor bat dugu». Hego Euskal Herrian, logistika gune bat dauka, Trapagaranen (Bizkaia), eta Oiartzunen (Gipuzkoa) beste bat zabaltzeko tramiteak hasi ditu.

Luxenburgoko ihesbidea

Amazonen arabera, zergak ordaintzen ditu Europako herrialde «guztietan», eta izandako diru sarrerak eta irabaziak zuzenean erregistratzen eta jakinarazten dizkie herrialde horietako tokiko zerga agintariei. Baina Bloomberg atariak eskuratu dituen finantza txostenetan, ordea, ez da herrialdekako bereizketarik egiten. Merkataritza elektronikoko erraldoiaren Europako filialak Luxenburgon du egoitza fisikoa, eta horrek bateratzen ditu Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian, Espainian, Italian, Polonian, Suedian eta Herbehereetan egindako jarduera ekonomiko guztiak.

Luxenburgoko egoitza beti egon da susmopean. Europako Batasunak auzitegietara eraman zuen Amazon, hango gobernuarekin 2003an egindako akordioak legez kanpoko estatu laguntza zirela iritzita. Hala ere, konpainiak helegitea irabazi zuen, eta atzeratutako zergetan 250 milioi euro ordaintzea saihestu zuen. Erabaki judizial horren aurkako helegitea aurkeztu zuen iaz Europako Batzordeak.

Hala ere, herrialde batzuek dagoeneko jarri dizkiote isunak Amazoni, hainbat arrazoirengatik. Hain justu, Luxenburgok berak 746 milioi euroko zigorra jarri zion iazko uztailean, Europako Batasuneko datuen babesari buruzko araudia urratzeagatik. Azaroan, Italiak 68,7 milioiko zigorra jarri zion, beste banatzaile batzuen jarduna galarazten zuten praktikak egiteagatik.

Baina estatuak arazo gehiagorekin topatzen ari dira zergen alorrean. Urteak daramatzate multinazional teknologiko handiekin tasa komun bat adostu nahian. Iaz, G20ko eta OCDEko herrialdeek ontzat eman zuten %15eko sozietate zerga ezartzea konpainia horiek egoitza duten lurraldeetan, eta haien irabazien zati bat banatzea lan egiten duten herrialde guztietan, nahiz eta han lantokirik ez izan. Europako Batasunean, baina, adostasuna ez da erabatekoa, eta ez dira ados jartzen herrialde guztiek neurria aplika dezaten. Beste neurri batzuk ere adostu nahi ditu EBk, erraldoi teknologikoen boterea mugatzeko.

Amazon munduko enpresarik boteretsuenetako bat da: 1.566 bilioi eurotik gorako kapitalizazioa du burtsan. Iaz, %22 handitu zituen salmentak mundu osoan, 469.800 milioi dolarreraino, eta diru sarrerak izan zituen: 33.360 milioi. Konpainia Jeff Bezosena da, munduko bigarren pertsonarik aberatsenarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.