Klima larrialdia

Mediterraneo eta Baltiko itsasoetako ura iaz izan da beroen gutxienez 1993tik

Klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuak 2021eko txostena atera du gaur argitara, Lurraren Nazioarteko Eguna izaki. Tenperaturetan, orain arteko errekor ugari hautsi dira: iazkoa inoiz erregistraturiko udarik beroena izan da Europan.

Baltiko itsaso kostaldea, Letonian, 2021eko irudi batean. TOMS KALNINS, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 22a
12:03
Entzun

Bosgarren aldiz, Europako klimaren gaineko txostena argitaratu du klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuak. Udaberrian plazaratu ohi ditu datuak; aurten, Lurraren Nazioarteko Eguna baliatu du informazioa kaleratzeko. Emandako datuek, baina, apenas adierazten duten lasaiturik. Are, berretsi dute gero eta ilunagoa dela klima larrialdiaren gaineko diagnostikoa: 2021a inoiz erregistraturiko urterik beroenetan bosgarrena izan da Europan –zazpigarren postuan ere kokatu dute zenbaitek, beste irizpide batzuen arabera–.

Copernicus zerbitzua 1850ean hasi zen urtero klimaren gaineko neurketak egiten eta emaitzok plazaratzen. Urtarril hasieran argitaratu zuen 2021ari dagokiona, mundu mailako datuak emateko. Begirada zabaleko azterketa horrek begi bistan utzi zuen Europan ez ezik gainerako lekuetan ere piztuak direla berotzeari buruzko alarmak. Munduan, inoizko beroenetan bosgarrena izan zen 2021a.

Gainera, termometroen goritzea ez da soilik lurrazalean sumatu: 30 urtean, itsasoko ura sekula ez da izan orain bezain bero. Mediterraneoan eta Baltikoan, ur azalaren tenperaturak hautsi egin du 1993tik aitzina erregistraturiko marka. Ekaineko eta uztaileko zenbait egunetan, adibidez, Baltikoko itsasoko uraren tenperatura batezbestekoa baino 5 gradu altuagoa izan da.

Ikusi gehiago:Klima aldaketaren ondorioz, odonatu kopuruak eta horiek eskaintzen dituzten ekosistemen zerbitzuek behera eginen dute etorkizunean Mediterraneo inguruan.

Izotzaren urtzea oraindik ere bada kezkarako iturri, nabarmen. Artikoak maiz hautsi zituen markak 2021ean; azkenekoz, irailean. Urte bakarrean hamaikagarrenez, horma kantitatea lehendik inoiz erregistraturiko txikiena izan zen bertan.

Ikusi gehiago: Bero datoz olatuak

Uda biziki beroa izan zen 2021ean Europan, inoiz erregistraturiko beroena. Hala, ordura arteko errekor asko gainditu ziren, ekainean eta uztailean batik bat. Zehazki, batez besteko tenperatura baino gradu bat altuagoa izan da tenperatura. Adituek zehaztu dutenez, «muturreko estres termikoa» izan zen hainbatetan Europako hegoaldean. Ordukoak ez ziren izan fenomeno hori gertatzen ziren lehenbiziko aldia; bai, ordea, tarterik luzeenak.

Ikusi gehiago:Cristina Linares, ikerlaria: «Osasun krisia da klimarena»

Halaber, beroarekin loturiko adibide ugari aletu ditu Copernicusek bere txostenean: Turkian, Grezian eta Italian sute handiak izan dira basoetan, «giro idorrek eta tenperatura altuek baldintzatuta».

Klima aldaketarako Europako zerbitzuak urtarrilean nabarmendu zuenez, beroaldiak ez ezik, uholdeak ere franko izan ziren 2021ean kontinentean, baita uda partean ere. Belgikan eta Alemanian, ibaiak inoiz baino haziago izan ziren, inoiz baino emaritsuago, eta uholde asko ekarri zituen horrek, «muturrekoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.