Lan gatazkak

Douglasek 120 lanpostutik gora kenduko ditu Hegoaldean

Lurrindegi kateak kaleratzeei buruzko akordio baten aurrekoa hitzartu du CCOO eta UGT sindikatuekin. ELAk agindu du indarrean ez jartzeko eginahalak egingo dituela.

Douglasko langileen protesta bat, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 22a
17:16
Entzun

Douglas lurrindegi kateko zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek akordio baten aurrekoa adostu dute enpresaren berregituraketari buruz. ELAk eman du akordioaren berri, eta ziurtatu du akordio hori indarrean jartzeko eginahalak egingo dituela. Sindikatu horrek azaldu duenez,Euskal Herrian «120 enplegu baino gehiago suntsituko dira», eta lanpostuari eutsiko dioten langileen baldintzak okertu egingo dira.

Otsailaren amaieran jakinarazi zuen Douglasek Espainiako adarreko hamar dendatik zazpi ixteko asmoa zuela, dirua galtzen ari delako. Alemaniako enpresak 49 saltoki ditu Hego Euskal Herrian, gehientsuenak Eroskiri hartutakoak If katea erosi zuenean. Horietatik, 23 itxiko zituela azaldu zuen Douglasek negoziazioetan, eta 130 langile kalean geratuko zirela. Martxoaren 17an greba mugagabea hasi zuten Bizkaiko dendetan, eta beste lurraldeetan ere izan dira lanuzteak.

ELAk ziurtatu du enpresak ez dituela egiaztatu kaleratzeak justifikatzeko eman dituen argudioak, eta horregatik iragarri du «bide judizial posible guztiak» aztertuko dituela. Dagoeneko salatu du enpresa, greba eskubidea urratzeagatik.

Akordioa ezarri ahal izateko, langileen batzarraren onespena beharko du. ELAk ez du batzar horietan parte hartuko:«Asanblada horrek ez du benetako parte hartzea bermatzen, eta gainera ez da izango sindikatuak partekatzen duen negoziazio eremu batean». Negoziazioa Hegoaldera eraman nahi izan du ELAk, baina ez du lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.