Sirena eta kanpai hotsek Gernika hartu dute, bonbardaketa gogoan

Gaur 85 urte dira Gernika bonbardatu zutela. Urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko: lore eskaintza bat eta «bizirik atera zirenen omenezko bazkaria», besteak beste. Azken urteotako ohiturari eutsita, lau minutuko isilunea egin dute arratsaldean.

Gernikako herritarrak, gaur, kanpai eta sirenak entzuten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 25a
18:38
Entzun

1937ko apirilaren 26a. Iltzatua data, eta itxi gabea orbaina, halabeharrez, zauriaren sakona hain handia izanik. 85 urte joan dira Alemaniako Condor eta Italiako Aviazzione legioen hegazkinek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik. Suntsitua utzi zuten herria, erraustua. Iragan dira urteak, baina, hala eta guztiz ere, oroitzak ez dira iraungi. Urteurrena baliatuta, herritarrek eta erakundeek hainbat ekitaldi antolatu dituzte gertaturikoa gogora ekartzeko.

Bonba hotsak eta isiluneak: biak ala biak dira protagonista gaur, orain 85 urte Gernikan jasandakoak orainera ekartzeko. Hain zuzen, orain minutu gutxi egin dute kanpai eta sirena hotsen ohiko ekitaldia. Soinuok aditu dira herrian, bonbardaketa hasi zen momentua oroitzeko. Ondotik, herritarrek lau minutuko isilunea egin dute.

class="twitter-tweet" data-cards="hidden" data-conversation="none" data-partner="tweetdeck">

Sirena eta kanpai hotsak Gernikan, bonbardatzea hasi zen momentua gogoratzeko. Herritarrak kalean, isilik @berria#Gernika85urtepic.twitter.com/4epS71wgLo

— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) April 26, 2022

Hildakoen omenezko lore eskaintza egin dute kanposantuan. Hainbat agintarik hartu dute parte: besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkulluk, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak lehenengoz bidali du ordezkaritza bat Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldira. Halaber, Jaurlaritzak gonbidaturik, Ukrainako enbaxadako lehen idazkari Sergii Solovey ere Gernikan da gaur.

Madrilek Gernikako bonbardaketa kondenatu izana goraipatu du Urkulluk; zehaztu du «pauso garrantzitsua» dela Espainiako Gobernuak horri loturik berriki emandakoa. Dena dela, erantsi du urrats gehiago ere egin beharko direla etorkizunean, «egian oinarritutako memoria bat eraiki nahi bada». Izan ere, lehendakariak salatu du oraindik ere «gezurrak» daudela 1936ko gerraren gainean.

Ikusi gehiago: Inork oroitzen ez zituen 269 gaixo

Goizez ere izan da ekitaldirik herrian. Bonbardaketa izan zenean Gernikako alkate zen Jose de Labauria omendu dute, besteak beste, Gernika-Lumoko Udalak antolaturiko programaren barrenean. Ondotik, Bakearen eta Berradiskitzearen Aldeko Sarien banaketa ekitaldia egin dute, eguerdian. Lizeo antzokian izan da, eta Gernikako Kultura eta Bakearen XXXII. Nazioarteko Jardunaldien parte da. Besteak beste, Europaguneak, Ehugunek, Hegoa Unibertsitate Institutuak eta EHUk antolatu dituzte jardunaldiok, udalarekin elkarlanean. Atzo hasi ziren, eta bihar izanen dute amaia. Gainera, elkarrekin bazkaltzeko deia egin dute herrian: «Bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenez», bazkari herrikoia izan dute Jai Alai pilotalekuan.

Ordukoa, gaur

Denboraren joanarekin batera, Gernikako bonbardaketa oroitzeko askotariko ekinbideak sortu dira Euskal Herrian. Kantuak ere sortu izan dira haren harira, eta, hain zuzen ere, musika doinuz ondutako lan baten berri eman dute orain. Bonbardaketa gogoratzeko obra sinfoniko bat sortu du Aitor Etxeberriak: Gernika 85. Ekainaren 30ean estreinatuko dute, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Gaudeamus korala eta Evelyn Glennie perkusionistarekin izanen dira agertokian.

Munitibar ere gogoan

Ez da Gernikakoa gaurko 85. urteurren bakarra. Munitibarren (Bizkaia), Kondor Legioak gaurko egunez Gerrikaitz eta Arbatzegi hirigunean eginiko erasoa gogoratuko dute. Frontetik erretiratzen ari ziren gudariei eta iheslariei tiroz eta bonbaz ekin zieten, eta 11 pertsona hil eta bederatzi zauritu zituzten.

Gaur, 18:30ean, biktimak omenduko dituzte Herriko plazan, Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera eginiko ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.