Teknologia

Elon Muskek Twitter erosi du

Tesla auto elektrikoen jabeak 40.000 milioi euro ordaindu ditu konpainiaren truke. Twitterren akziodun nagusia zen hilabetearen hasieratik; orain, berea da konpainiaren kontrola.

Elon Musk enpresaburua Alemanian, artxiboko irudi batean. BRITTA PEDERSEN / POOL
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 25a
21:40
Entzun

Berea da, azkenik. Munduko pertsonarik aberatsenak, Elon Muskek, Twitter konpainia erosi du, 44.000 milioi dolar ordainduta –40.000 milioi euro dira hori–. Administrazio kontseiluak onartu egin du enpresariak eginiko lehenbiziko eskaintza. Hala, aurrerantzean Muskena izanen da txori urdinen gaineko kontrola.

Jakina zen Elon Muskek zer asmo zuen. Hitzez ez ezik, eginiko erosketetan ere agerikoa zen helburua. Twitterren akzioen %9,1 bereganatu ditu azken asteotan. Are, behin hori lorturik, konpainiaren kudeatzaileek eskaini egin izan diote administrazio kontseiluan parte hartzea. Ordea, Muskek ez zuen aski horrekin; kontrol osoa bereganatzea izan du desio prozesua abiatu zuenetik.

Ikusi gehiago: Iker Aranbururen 'Bakarrizketa' zutabea: Bateria berriak txori urdinari

Gainera, enpresaburuak argiki azaldu du zer lortu nahi duen: «Mundu osoko adierazpen askatasunaren plataforma» bihurtu nahi du Twitter, erosketa akordioa erdietsi aurretik eginiko adierazpenen arabera.

Hain zuzen, antzeko mezua iradoki du dagoeneko berea den sare sozialean. Honela dio: «Espero dut nire kritikari gogorrenak ere Twitterren gelditzea, horrek esan nahiko baitu adierazpen askatasuna dagoela»

Elon Muskek konpainia erosteko eginiko proposamenean jasotakoaren arabera, enpresariak tituluko 54,2 dolar ordaindu beharko dizkio, dirutan, Twitterren akziodun bakoitzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.