PEGASUS AUZIA

Roblesek iradoki du justifikatuta dagoela buruzagi independentisten aurkako espioitza

Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu dio ea zer arrazoi dauden Kataluniako eta Euskal Herriko dozenaka buruzagi independentista espiatzeko. Horrekin, Defentsa ministroak sekretu batzordea sortzearen garrantzia nabarmendu du.

Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa. J.J.GUILLEN / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 27a
12:49
Entzun

«Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean? Norbaitek independentzia deklaratzen duenean? Norbaitek bide publikoak mozten dituenean? Desordena publikoak egiten dituenean?», adierazi du Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak, Diputatuen Kongresuan. Horrela, iradoki du azken egunotan publiko egindako politikari independentisten aurkako espioitza kasuak justifikatuta daudela. Izan ere, Mireia Vehi CUPeko diputatuak galdetu dio ea zer arrazoi dauden abokatuak, kazetariak, politikariak eta Kataluniako gizarte zibileko kideak espiatzeko.

Hamar egun dira The New Yorker hedabideak buruzagi independentisten aurkako espioitzaren berri eman zuela, Citizen Lab institutuak eginiko ikerketa batean oinarrituta. Horrek krisi politiko bat zabaldu du Espainiako Gobernuaren eta hari sostengua ematen dioten alderdien artean, eta gaia Espainiako Kongresura heldu da gaur; gobernuaren kontrol saioan, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, CUP, Ciudadanos eta Voxek galdetu dute gaiaz; Roblesi, baina baita Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eta Felix Bolaños Presidentetza ministroari ere.

Roblesek azaldu du Espainiako Gobernuak eta haren organismo publikoek zuzenbidearen arabera jokatzen dutela, «legeek ezartzen dituzten kontrolekin». Hala ere, Espainiako zerbitzu sekretuei dagokienez, Defentsa ministroak ez du gauza handirik argitu: «Espainiako zerbitzu sekretuei dagokien guztian isildu egin behar dut, legea betetzen dudalako». Azaldu duenez, 11/2002 legearen 5. artikuluak sekretu betebeharra ezartzen du, eta berak lege hori betetzen du. Hori horrela, Kongresuan Sekretu Ofizialen Batzordea «ahalik eta azkarren» eratzeko nahia adierazi du, gaiari buruz hitz egin ahal izateko.

Ikusi gehiago: Kargudun publikoak «agindu judizialpean eta banaka» zelatatu zituela esan dute CNIren inguruko iturriek

Aitor Esteban EAJko diputatuaren arabera, ordea, batzordea eratzeak ez du «ezer ere» konponduko: «Bost urte daramatzat batzorde horretan, eta ez da sekretu bat bera ere jakinarazi». Horregatik eskatu du onartu dadila propio auzi horri buruzko ikerketa batzorde bat osatzeko eta gaiari lotutako dokumentuak desklasifikatzeko: «Dokumentuak desklasifikatu behar dituzue. Desklasifikatu, eta gero Sekretu Ofizialen Legea indargabetu».

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak ere kezka bera agertu du, uste baitu Sekretu Ofizialen Batzordeak ez duela balioko auzia argitzeko: «Defentsa ministroak esan du sekretu batzordera joateko, baina bertan ez da ezer argituko. Hori iradoki du, eta fokua batzorde horretan ari da jartzen». Horrekin, azaldu du Gobernua ez zaiola egoerari «behar bezala» aurre egiten ari, eta «berandu» ari dela neurriak hartzen zer gertatu den argitzeko eta berriro ez gertatzeko, «bateraezina baita demokrazia eta oposizioa espiatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.