Prezioak

Inflazioa %10etik urrundu da apirilean

Erregaiak eta argindarra merkatu egin dira martxoarekin alderatuta, baina elikagaiak garestitu egin dira.

Gasolina eta gasolioa merkatu egin dira apirilean. RAUL CARO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 28a
09:15
Entzun

Joan den martxoan %9,6ra heldu zen urte arteko inflazioa Hego Euskal Herrian, azken hamarkadetako kopuru handienera, eta %10etik oso gertu. Apirilean, berriz, koska bat jaitsi da, pixka bat merkatu direlako inflazioa puztu duten bi osagai: argindarra eta erregaia.

Zehazki zenbat jaitsi den maiatzaren 13an jakinaraziko du INE estatistika institutuak, baina, gaur Espainiarako aurreratutako datuak erreferentzia gisa balio baldin badu, %8tik gertuago izango da. Izan ere, Espainian %9,8tik %8,4ra jaitsi da urte arteko prezioen igoera martxotik apirilera.

INEk azaldu duenez, apirilean %0,1 jaitsi dira prezioak, martxoan goia jo ondoren, energia merkatu egin delako; elikagaiek, ostera, garestitzen jarraitu dute.

Argindarraren garestitzea eten izanak azaltzen du, hein handi batean, inflazioaren jaitsiera. Martxoan jo zuen goia, 283 euroan salerosi baitzen megawatt-ordua PVPC tarifa arautua darabiltenentzat —haien fakturak soilik hartzen dira kontuan, eta ez merkatu librean daudenenak, horiek gehiago izan arren—. Apirilean, berriz, 200 eurotik behera egongo da; 189 euro izan da batez besteko prezioa atzo arte, azken egunotan berriro 220tik gora badago ere. Merkatze horretan hainbat faktore daude: batetik, kontsumoa jaitsi egin da; prezio handien ondorioz ez ezik, eguraldi epelago eta argiagoaren ondorioz. Gainera, apirilean handiagoa izan da energia iturri berriztagarrien ekarpena, eguzkiak gogorrago jo duelako eta haizetsuagoa izan delako martxoa baino. Horrek ekarri du gasaren erabilera txikiagoa izatea eta une jakin batzuetan argindarrak euro gutxi batzuen kostua izatea.

Erregaia ere merkatu egin da, apirilaren 1etik indarrean baitago Espainiako Gobernuak onartutako hogei zentimoko deskontua. Horrek konpentsatu du Brent upelak hilabete ia osoa euro dolarretik gora egon izana.

Azpiko inflazioa, gora

Azpiko inflazioak, berriz, gora egin du, %4,4raino. 1995eko abenduaz geroztik ez zuen halako mailarik izan, eta erakusten du energiaren garestitzea ekonomiaren beste esparruetara ere hedatzen ari dela, ekoizleek eta zerbitzu hornitzaileek energiaren kostu handiagoa bezeroei pasarazten dietela.

Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen elikagai freskoak eta energia, haien prezioa oso aldakorra delako. Martxoan, %3,5era heldu zen Hego Euskal Herrian.

Pentsatzekoa da inflazioak behera egingo duela maiatzean ere, Espainiako eta Portugalgo gobernuek argindarra merkatzeko tresna bat hitzartu dutelako Bruselarekin: elektrizitatea ekoizteko erabiltzen den gasak gehienez 50 euroko prezioa izango du, eta horrela merkatu arautuan tarifa %30 jaitsi daitekeela ziurtatu du Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako Espainiako ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.