Nafarroako BPGak ez du gerraren eragina nabaritu, eta %1 handitu da lehen hiruhilekoan

Inflazioaren eraginez, barne kontsumoa apur bat apaldu da, baina industriak eta inbertsioak egin dute ekonomiatik tira

Noaingo industriagunea. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko apirilaren 29a
10:41
Entzun

Oraingoz ez du balaztarik sakatu. Urtarriletik martxora bitartean, Nafarroako barne produktu gordina %1 handitu zen, aurreko hiruhileko erritmo berean. Nastat Nafarroako estatistika erakundeak aurreratutako datuaren arabera, iragan urteko datuarekin alderatuta, %6,5 hazi da ekonomia; aurreko hiruhileko datua baino hobea da, beraz (%4,9).

Ukrainako gerra otsail amaieran hasi bazen ere, Nafarroako ekonomiak oraingoz ez du galdu aurretik zekarren dinamismo ona. Asteartean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak azaldutako joera bera berretsi du Nafarroakoak.

Dena den, inflazioaren bilakaera bai nabaritu da barne kontsumoan, Nastatek aurreratu baitu sendien eskaria apur bat apaldu dela. Alderantziz, enpresen inbertsioek eta industriak bultzatu dute batik bat ekonomia. Zerbitzuen merkatuak eta eraikuntzak ere joera positiboa azaldu dute. Kanpo merkataritzak ere bilakaera ona izan duela nabarmendu du estatistika erakunde horrek.

Kaleratutako datua lehen aurrerapena besterik ez da, eta Nastatek ekainaren 24an emango du lehen hiruhilekoko koadro ekonomiko osoa.

Aurreikuspena, bere horretan

Nafarroako Gobernuak ez du aurreikuspen ekonomikoa aldatzeko asmorik. Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak etengabe zabaltzen duen mezua da egunetik egunera tentuz jarraitzen dutela ekonomiaren bilakaera, baina oraingoz ez dituzte aurretik egindako kalkuluak egokituko. Hala, aurten ekonomia %5 inguru haziko dela uste du.

Aste honetan, BBVA Research zuhurrago azaldu da, eta aurreratu du Nafarroako BPGa aurten %3,4 haziko dela, eta datorren urtean, berriz, %2,5, aurretik zuen aurreikuspena baino gutxiago. BBVAren ikerketa taldeak argudiatu du industriaren eraginez energia kontsumo handia duten lurraldeek gehiago nabarituko dutela egungo egoera zaila.

Euroaren eremuan moteldu da

Inflazioaren eta energia kostuen gorakada ez da Hego Euskal Herriko datu makroekonomikoetan islatu, baina euroaren eremuko ekonomiak bai nozitu du apur bat garestitze orokorraren eragina.

Eurostatek aurreratutako datuaren arabera, jarduera ekonomikoa hamarren bat apaldu da hiruhileko batetik bestera, hala euroaren eremuan nola Europako Batasunean: euroa erabiltzen duten herrialdeen ekonomia %0,2 hazi zen urtarriletik martxora —%0,3 hazi zen iazko azken hiruhilekoan—; EBn, berriz, %0,4 hazi zen.

Herrialdez herrialde, Alemania izan da, ekonomia handienen artean, aurreikuspenei eutsi edo apur bat hobetu duen herrialde bakarra. Hornidura kateen arazoen ondorioz, urritik abendura bitartean %0,3 behera egin zuen jarduera ekonomikoak, eta urteko lehen hiru hilabeteetan salto txiki bat egin du, %0,2 hazi baita. Datu horrekin atzeraldian erortzea saihestu badu ere, ziurrenik, inflazioak galarazi egin du suspertzea handiagoa izatea.

Frantzian, Italian eta Espainian ekonomia moteldu egin da. Apirilean, Frantziak %5,4ko inflazioa izan zuen,1997an seriea egiten hasi zirenetik daturik txarrena. Euroaren eremuko batez bestekotik behera badago ere, familien kontsumoa %1 inguru uzkurtu du, eta analistek espero dute lehen hiru hilabeteetan ekonomia %0,3 inguru haztea, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago.

Espainian, moteltzea erabatekoa izan da. Urritik abendura bitartean erritmo bizian (%2,2) handitu ostean, lehen hiruhilekoan indar handiz sakatu du balazta, %0,3 baizik ez baita hazi. Ondorioz, Espainiako Gobernuak urte honetarako egindako aurreikuspen ekonomikoa nabarmen apaldu du, 2,7 puntu jaitsiz: %7 haztea espero zuen, eta orain %4,7ra jaitsi du. Nadia Calviño Ekonomia ministroak argudiatu du «zuhurtzia handienarekin» jokatu nahi dutela, eta horregatik moldatu dutela aurreikuspena. Haren irudiko, hazkunde hori batik bat barne kontsumoan eta enpresen inbertsioan oinarrituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.