Albistea entzun

Gerra eta inflazioa gorabehera, urte hasieran sendo hazi da ekonomia

Eustaten arabera, 2022ko lehen hiruhilekoan %1 handitu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa, industriaren bultzadari esker. Enplegua %0,9 ugaritu da

Iker Aranburu -

2022ko apirilak 26

Ukrainako gerrak ez du, oraingoz bederen, ekonomiaren hazkundea eten. Eustatek aurreratutako lehen kalkuluaren arabera, 2022. urteko lehen hiruhilekoan %1 hazi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Motelaldi txiki bat da aurreko hiruhilekoko hazkundearekin konparatuta —%1,2 hazi zen 2021eko hirugarrenetik laugarrenera—, baina erakusten du ekonomia COVID-19aren krisitik irteten ari dela oraindik ere.

Pandemiaren eragina atzean geratzen ari dela are gehiago erakusten du urte arteko tasa handiak: %5,7ra iritsi da. Koska bat bizkortu da 2021eko azken hiruhilekoko urte arteko tasatik —%4,5—, 2021eko lehen hiruhilekoan asko motelduko zelako hazkundea —%0,2 hiruhileko arteko tasan—, koronabirusaren bigarren eta hirugarren olatuen ondorioz herritarren mugimendua, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk muga handiekin ibili zirelako joan den urtearen hasieran. Udaberrian kendu edo arindu ziren muga horietako gehienak, eta bultzada handia izan zuen BPGak —+%2,2—.

2022. urteak aurrera egin ahala hazkundea pixka bat moteltzea espero du Eusko Jaurlaritzak, Errusiak Ukraina inbaditu izanak areagotu egin ditzakeelako egungo ekonomiaren arazo handi batzuk, hala nola inflazio handia, prezioen igoera elikatzen duten erregai garestiak, eta hornikuntza katean ageri diren zuloak.

Horren ondorioz, duela hilabete Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak bi puntutik gora murriztu zuen aurtengorako hazkunde iragarpena: %6,7tik %4,5era txikitu du. Ondorioz, hiru lurraldeetako barne produktu gordina pandemiaren aurreko mailara itzultzekoa da aurten, baina ez du gaindituko uste bezainbeste. 2023rako ere suspertze handia iragarri du, %4,1ekoa.

Enplegua ere, gora

Hazkunde ekonomikoaren eskutik suspertzen ari dira pandemian galdutako lanpostuak ere. Enplegua, lanaldi osoko baliokidetzako lanpostuetan neurtua, % 0,9 gehitu da aurreko hiruhilekoaren aldean. Urte arteko tasan, berriz, % 5 izan da.

Datu horiek bat bat datoz Eustatek berak joan den astean zabaldutako lan merkatuari buruzko inkestarekin ere. Inkesta horren arabera, urteko lehen hiru hilabeteetan aurrekoan baino 8.300 okupatu gehiago egon ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta langabezia tasa %9,1era jaitsi da.

Datorren ekainaren 3an zabalduko ditu Eustatek atzo aurreratutako datuak. Orduan emango ditu sektorekako datuak ere, baina estatistika erakundeak aurreratu du industriak izan duela haien artean portaerarik onena, nahiz eta ez dioten mesederik egin energia garestiak, hornikuntza arazoek eta garraiolarien grebak. Egia da, ordea, bigarren sektorea galga jarrita ibili dela udaz geroztik, material eskasiaren ondorioz.

Nastat Nafarroako estatistika erakundea ostiralean da zabaltzekoa bere datuak, eta orduan emango ditu Eurostatek EBkoak, Inseek Frantziakoak eta INEk Espainiakoak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak jakinarazi du gaurko ministroen kontseiluan berrituko dituela 2022rako eta 2023rako hazkunde iragarpenak. Irailean, %7koa iragarri zuen, baina asko jaitsiko du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bi erosle supermerkatu batean, Buenos Airesen. ©JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

Schroedingerren prezioak

Julen Otaegi Leonet

Inflazioa %10 ingurura iritsiko da ekainean. Bueltan da inflazio kamuflatua supermerkatuetako apaletan. Prezioak igotzeko beste modu bat da, etiketek bere hartan irauten badute ere.
Indra enpresaren egoitza, Alcobendas hirian. ©LUIS MILLAN / EFE
Auto elektriko bat kargatzen, Madrilgo kontzesionario batean, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON/ EFE

Auto berrien matrikulazioa %14,1 murriztu da urtearen lehen erdian Hegoaldean

Iker Aranburu

Inflazio handiak eta autoen eskasiak eragin dute murrizketa, sektorearen arabera. Diesel autoen salmenta txikitu da gehien, eta haien kuota %13,9ra jaitsi da
Auto elektrikoen merkatu kuota %10era iritsi da Europako Batasunean

Auto elektrikoen merkatu kuota %10era iritsi da Europako Batasunean

I. Aranburu

Iaz baino %53,4 gehiago saldu dira urteko lehen hiruhilekoan. EBk 2035ean debekatuko du errekuntza auto berrien salmenta

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...