PEGASUS AUZIA

Ikerketa Batzordea eratzeko eskatu dute EAJk eta EH Bilduk

Aizpuruaren ustez, batzordea «behar-beharrezkoa» da 'Pegasus auzia' argitzeko, eta Estebanek nabarmendu du Sekretuen Batzordea ez dela ikerketarako.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua, gaur. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 3a
13:10
Entzun

«Espioitza praktika orokor eta sistematiko bat dugu aurrean», adierazi du Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak. Horregatik nabarmendu du Ikerketa Batzordea «behar-beharrezkoa» dela auzia argitzeko, eta, horrekin batera, adierazi du Sekretuen Batzordea ez dela izango kasua argitzeko erantzuna: «Batzorde horretan ez da inoiz sekreturik kontatu, eta orain ez da desberdina izango». Aitor Esteban EAJko diputatua ere bat dator Aizpuruarekin, eta uste du Ikerketa Batzordea eratzea dela gertatutakoa argitzeko modurik «egokiena»; izan ere, adierazi du Sekretuen Batzordea ez dela ikerketarako.

Apiril erdialdean eman zuen The New Yorker hedabideak Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi independentisten aurkako espioitzaren berri, Citizen Lab institutuak eginiko ikerketa batean oinarrituta. Horren arabera, gutxienez 65 lagun zelatatu dituzte, besteak beste buruzagi politikoak, haien senide eta abokatuak, eta gizarte mugimenduetako ordezkariak. Espiatutakoen artean dira Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta EH Bilduko bi kide: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu diputatua. Catalangate izena jarri diote auziari.

Ikerketa Batzordea eratu edo ez bozkatuko dute, eta «jarraian» jakingo dute PSOEk zer bozkatuko duen. Hala ere, Aizpuruak adierazi duenez, «dirudienez ezezkoa bozkatuko du», eta erabaki hori azaltzea «oso zaila» izango da. Izan ere, nabarmendu du gobernuak izan beharko lukeela«dena argitzeko interesa duen lehena».

EH Bilduko diputatuak azaldu du Pegasus auziaren «larritasuna» ez dela «esajerazio» bat. Gogorarazi du hasieran Espainiako Gobernuak «garrantzia kendu» ziola kasuari, eta Margarita Robles Defentsa ministroak buruzagi independentisten aurkako espioitza justifikatu zuela. Espainiako Gobernuak, baina, atzo jakinarazi zuen Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Robles ere zelatatu egin zituztela, eta, Aizpuruaren ustez, horrek «larriago» bihurtzen du kasua. Hala ere, adierazi du horrek ez lukeela «arreta desbideratzeko» balio izan beharko.

Jaurlaritzak ez du neurri «berezirik» hartu

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere eskatu dio Madrili gertatutakoa «lehenbailehen» argitzeko; Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere egin zuen eskaera hori: «Kasu horiek berehala argitu behar ditu Espainiako Gobernuak». Zupiriak adierazi duenez, lehendakariak eta sailburuek ez dute erasorik jasan, berak dakiela, eta, horrekin, jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela «inongo neurri berezirik» hartu, eta «ohiko kontrolak» soilik egiten jarraitzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.