Ziberespioitzaren argi-ilunak

Independentista katalanen eta euskaldunen aurkako zelatatzeak arrakala bat sortu du Pedro Sanchezen gobernuaren eta bazkideen artean. Madrilen azalpenek, erantzunak bainoago, galderak sortu dituzte.

Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea da zelatatuetako bat. Irudian, ostegunean, Kataluniako Parlamentuko korridoreetan. QUIQUE GARCIA / EFE.
jon olano
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Pegasus. Ez da ohiko hitza hiztegi politikoan, baina azken bi asteetako agenda bereganatu du, Euskal Herriko eta Kataluniako 65 independentistaren telefonoak espiatu dituztela zabaldu eta gero.

Zer da Pegasus?

Pegasus spywareak edozein gailuren datuak eskura ditzake, eta sakelakoa blokeatuta egonda ere audio edo bideo grabagailuak pizteko ahalmena du. Informazio guztira lortzen du: bidali eta jasotako mezuak, argazkiak eta bideoak, eta GPS bidezko lokalizazioa eskura ditzake. Zelatatutako politikari katalan eta euskaldunei dagokienez, bide ugari erabili zituzten: loturak zituzten SMS mezuak jaso zituzten, mezu pertsonalizatuekin. «Sarri, [mezuek] helburuaren ohituren, interesen, jardueren eta kezken ulermen xehea erakusten dute», dio The Citizen Labek. Beste bide bat zen mezuek Espainiako erakundeen mezuen tankera hartzea, sinesgarriak izan zitezen.

Nork sortua da?

Pegasus Israelgo NSO Technologies enpresarena da —Israelgo zerbitzu sekretuetako kide ohiek sortu zuten, 2010. urtean—, eta hark estatuetako gobernuei eta segurtasun indarrei soilik saltzen die. Kalkulatzen dutenez, mundu osoko berrogei herrialdetako hirurogei agentzia inguruk erosi dute spywarea.

Eta Candiru?

Amazoniako arrain bat izateaz gain, Israelgo beste ziberespioitza konpainia bat da, Android eta iPhone telefonoak eta Mac eta PC ordenagailuak araka ditzakeena. Haren teknologia ere baliatu dute buruzagi katalanen eta euskaldunen gailuetan sartzeko.

Nondik dator auzia?

2019tik. Orduan, Whatsappen akats bat baliatu zuen NSOk Pegasusen bidez mundu osoko milaka telefono zelatatzeko; horietako asko, gizarte zibileko ekintzaileak. Whatsappek 1.400 erabiltzaileri jakinarazi zien beren telefonoei eraso zietela. Horien artean zegoen Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, eta horren berri eman zuten 2020an The Guardian eta El País egunkariek. Torrentek The Citizen Lab Kanadako ikerketa zentrora jo zuen bere sakelakoa infektatuta ote zegoen baieztatzeko. Hala berretsi zioten.

Zer da The Citizen Lab?

2001ean sortutako ikerketa laborategi bat da, Torontoko Unibertsitateari atxikia eta ziberespioitzan mundu mailako erreferentzia bilakatu dena. 2009an zabaldu zen haren izena; orduan ezagutarazi zuen Txinak espioitza sare bat zuela ehun herrialdetan baino gehiagotan 1.295 pertsona zelatatzeko. Iazko uztailean, zabaldu zuten 2016tik hainbat gobernuk 50.000 lagun inguru espiatu zituztela Pegasus erabiliz.

Zein da orain berritasuna?

Zelatatuak gehiago izan zitezkeelakoan, Kataluniako eragileek zentro horren esku utzi zituzten ehunka gailu, horiek aztertzeko. Horren ondorio da orain The New Yorker-ek argitaratutakoa: espiatutakoak gutxienez 65 lagun direla: buruzagi politikoak, haien senide eta abokatuak, gizarte mugimenduetako ordezkariak... Tartean, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta EH Bilduko bi kide: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu diputatua. Catalangate izena jarri diote auziari.

Badira zelatatu gehiago?

Ez dago ziur jakiterik, baina uste izatekoa da baietz. The Citizen Lab taldeko kolaboratzaile Elies Campok asteon Ara egunkariari azaldu dionez, kopurua handiagoa da, eta orain arte ezagutarazikoak halako bi ere izan litezke. Esan duenez, orain arte iPhone gailuetan egindako entzuketen berri baino ez dute eman, baina Pegasus sistema Android gailuetan ere erabilgarria da, eta pentsatzekoa da horrelakoetan ere entzuketak egingo zituztela.

Espainiako Estatua al da erantzulea?

The Citizen Labek dio ez diola erasoa gobernu jakin bati egozten, baina «ebidentzia zabala» dagoela Espainiako Gobernua erantzule dela ondorioztatzeko. Are gehiago: iazko urrian El Confidencial atarian eginiko elkarrizketa batean, Ronald Deibert laborategiko sortzaileak esan zuen Espainia NSOren bezeroa zela eta kasu gehiago zabalduko zirela. Aurrez, 2020ko uztailean, El País-ek argitaratua zuen CNI Espainiako zerbitzu sekretuak bazuela Pegasus programa, eta aurrez, 2010etik 2016ra, Hacking Team ziberespioitzan aditua den enpresa italiarra kontratatua zuela.

Baieztatu al da CNI dagoela atzean?

Orain arte argitaratu diren informazioek hala baieztatzen dute. Esaterako, asteartean, El País egunkariak argitaratu zuen buruzagi independentisten aurkako espioitza «bakarka eta kontrol judizialpean» egin zela, eta Pegasus erabili zela soilik zelatatuak Espainiako Estatutik kanpo irten zirenean.

Legezkoa al da?

Zerbitzu sekretuek telefono bat zelatatu dezakete soilik CNIren zuzendariak Auzitegi Goreneko magistratu bati aurrez baimena eskatu badio. Epaileak 72 orduko epea dauka eskaera onartzeko edo baztertzeko, eta eskaerak zehatza eta argudiatua izan behar du. Zelatatua izan behar duena identifikatu behar da; entzuketak hiru hilabeterainokoak izan daitezke, eta epea luzatzeko aukera badago.

Zer dio legeak?

11/2002 legeak arautzen du CNIren jarduera. Horren arabera, bere egitekoa da «Espainiako herritarren eskubide eta askatasunak, Estatuaren subiranotasuna, osotasuna eta segurtasuna, erakundeen egonkortasuna, interes ekonomiko nazionalak eta herritarren ongizatea arriskuan jartzen, mehatxatzen edo horien aurka egiten duten atzerriko zerbitzuak, taldeak edo pertsonak prebenitu, detektatu eta neutralizatzea». CNIren jarduera, egitura eta bitartekoak «sekretuak» dira.

Zer dio Madrilek?

Bertsioa aldatuz joan da. Hilaren 19an, Isabel Rodriguez eledunak esan zuen gobernuak ez zuela «zerikusirik», ez zuela «ezkutatzeko ezer», eta Espainian ez dela legez kanpo zelatatzen. Lau egun geroago, Felix Bolaños Espainiako Presidentzia ministroa Bartzelonara joan zen, urak baretzen saiatzera eta Laura Vilagra Kataluniako Presidentetza kontseilariarekin biltzera. Bolañosek zenbait neurri hartzeko asmoa azaldu zuen: CNIk barne ikerketa bat egitea, eta Espainiako Kongresuan Sekretu Ofizialen Batzordea «lehenbailehen» eratzea. Era berean, hitzeman zuen arartekoak abiatutako ikerketan lagunduko duela, eta dokumentu sekretuak desklasifikatzeko prest agertu zen.

Zergatik ikerketa batzordea, eta ez sekretu ofizialena?

Asteazkeneko saioan, EAJk eta EH Bilduk gogor erantzun zioten Espainiako Gobernuari; auzia argitzeko ikerketa batzorde bat eratzea nahi dute, eta ez gaia Sekretu Ofizialen Batzordera eramatea. Zein da aldea? Besteak beste, Sekretu Ofizialen Batzordean esaten direnak pribatuak direla, legez zigortuta dagoela horiek publiko egitea, eta ikerketa batzorde batean ondorio batzuk ere adostu behar direla, lege izaera har ditzaketenak hala erabakiz gero.

Zer ondorio politiko izan ditzake krisiak?

Ikerketak azaleratu du espioitza kasu ia denak Pedro Sanchezen gobernuaren garaian egindakoak direla —2018ko ekainetik da gobernuburu—, eta, beraz, PSOEren eta haren bazkideen harremana mikaztu du albisteak. Aragones presidenteak eta Podemoseko Espainiako Kongresuko bozeramaile Pablo Echeniquek eskatu dute Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa kargutik kentzeko. Baina, horretaz harago, PSOEren eta Sanchezen gobernua sostengatzen duten alderdien arteko harremanean beste arrakala bat zabaldu du. Laura Vilagrak laburbildu zuen BERRIA-n: «Lehendik zegoen konfiantza urratu du: konfiantza hori hauskorra zen, eta egoera, oso zaila, baina gai batzuei buruz hitz egiteko eta horietan aurrera egiteko bide batzuk lortu genituen, eta orain dena deuseztatu da».

Gobernu krisi bat sor dezake?

Sanchezen inbestidurari bide eman zioten talde batzuek lan erreformaren aurkako botoa eman zuten otsailean, eta Pegasus auziak eragin zuen ostegunean talde subiranista katalan guztiek Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko dekretuaren aurkako botoa ematea. PSOEk dekretua ezin onartzeak edo, are, PPren abstentzioak araua ahalbidetzeak bestelako jokaleku politiko bat zabaldu zezakeen; bestelako aliantza politika bat, batez ere Alberto Nuñez Feijoo PPko presidente izendatu eta gero. Baina EAJren eta EH Bilduren aldeko botoak erabakigarriak izan ziren dekretuak aurrera egiteko eta, horrekin, inbestidura blokeari, pitzadurekin bada ere, eusteko.



Zergatik dago Margarita Robles eztabaidaren erdian?

Espainiako Gobernuak bi jokabide erakutsi ditu auzia argitara atera zenetik; Sanchez eta Bolaños bazkide zelatatuak limurtzen saiatu dira, baina Roblesek, CNI bere ministerioaren eskumenekoa izanik, sinesgarritasuna kendu die The Citizen Labi eta The New Yorker-i. Ziurtatu du CNIk eginikoak legez egin dituela, eta auzitara jotzeko esan die zelatatuei, salaketa faltsuak jartzearen arriskuekin mehatxatuz. Are, iradoki du justifikatuta dagoela zelatatzea: «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean?». Roblesek argudiatu du CNI «babesgabe» dagoela, ezin duelako bere burua publikoki babestu.

Alde horretatik, argigarria da Espainiako prentsaren posizioa. Ostegunean, Roblesek Kongresuan espioitza justifikatu eta biharamunean, El País-ek argitaratu zuen Espainiako Gobernuaren eta PSOEren sektore batzuetan «ezinegona» sortu zuela ministroaren tonuak. Aldiz, El Mundo-ren editorialak Robles goretsi zuen, «estatuarekiko haren konpromisoagatik».

Zer dago argitzeko?

Besteak beste, nork agindu zuen buruzagi independentistak zelatatzea, zer informazio bildu den, zertarako erabili den eta ikerketa judizialik zabalik ote dagoen. Zerbait bada auzibidean, ordea: El Mundo-k herenegun argitaratu zuenez, Auzitegi Nazionala The Citizen Labeko Elies Campo ikertzen ari da, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiari erantzuteko sortu zen Tsunami Democratic dinamikaren sustatzaileetako bat izatea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.