Homofobia

Polizia gizon baten bila dabil, Bilbon ikertzen ari diren hilketen harira

Jakinarazi dute oraingoz bi kasurekin lotzen dutela, baina beste birekin ere lotuta egon daitekeen susmoak dituztela

LGTBI mugimenduak deituta, homofobiaren aurkako manifestazioa Bilbon, iazko urrian. ARITZ LOIOLA, FOKU
2022ko maiatzaren 5a
11:57
Entzun

Bilbon hil dituzten gizonezkoei buruz egunotan zabaldu diren albisteen harira, ertzainek jakinarazi dute gizon gazte baten bila dabiltzala, hilketekin lotura duelakoan. Aditzera eman dutenez, bi hilketarekin erlazionatzen dute, baina beste birekin ere lotzeko zantzuak badira. Gizonekin harremanak izateko kontaktuetarako aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, ikerketak aurrera egin ahala argitu dutenez.

Egunotan zabaldu dira hilketa hauei buruzko albisteak, baina, orain jakin denez, asteak daramatza Poliziak kasuok ikertzen. Eta asteak joan dira, Poliziak emandako datuak aztertuta, epaile batek gizon gazte hau atxilotzeko agindua eman zuenetik ere. Gainerakoan, iturri ofizialetatik zabaldu den informazioa urria da. Jakinarazi dute oraingoz ofizialki bi ikerketa daudela irekita, baina susmoa dute gizonezkoekin harremanetan jartzeko aplikazioetan harremanetan jarri zen beste bi gizonen heriotzarekin ere lotuta dagoela gizonezko hori. Izan ere, antzeko heriotzak izan ziren.

Ikusi gehiago: LGTBI kolektiboa, «babesik gabe»

Gasteizko Ikusgune LGTBI+ fobiaren Behatokiak, Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak eta Espainiako Trans Plataformak ohar bidez esan dute kezka eta sumindura sortu dietela Bilboko hilketek. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta espazio «seguruak» eskatu, «ez LGTBI+ kolektiboarentzat estigma eragileak direnak».

Auziaren arretagunea hiltzailearen estrategian jartzeko eskatu dute, eta hildakoak ez «birbiktimizatzeko». Gogoratu dute, gainera, ezin dela inoren portaera auzitan jarri gizonekin harremanetan jartzeko aplikazioak erabiltzeagatik ere: «Are gutxiago, gertatutakoaren errua haiei bota». Eragile gehiagok ere adierazi dute ezinegona, eta babesa eskatu dute.

Taldeek ikerketa «zorrotza» egitea galdegin dute, eta etorkizunerako neurriak eskatu dituzte: «LGTBI+fobia saihesteko, detektatzeko eta esku hartzeko politika publiko eraginkorrak egin ditzatela eskatzen diegu erakundeei». Gainera, hedabideei mintzatu zaizkie, eta eskatu diete ez dezatela zabaldu hildakoen xehetasunik eta «kutsu morbosoa duen gertakaririk».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.