Koronabirusa

OMEren arabera, 15 milioi pertsona hil zituen koronabirusak munduan 2020an eta 2021ean

Ofizialki jakinarazi diren heriotzak halako hamar izan dira benetan zenbait herrialdetan.

Osasun langile bat, Shangain, koronabirusa atzemateko probak egiten. ALEX PLAVEVSKI, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 5a
16:43
Entzun

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), 2020an eta 2021ean 14,9 milioi pertsona hil ziren munduan koronabirusaren ondorioz. COVID-19ak ofizialki 5,4 milioi pertsona hil baditu ere, kopuru hori benetan ia hiru bider handiagoa da OMEk egin duen kalkulu baten arabera. William Msemburi bozeramaileak gaur azaldu duenez, alde hori ofizialki jaso gabeko heriotzei dagokie, bai heriotzaren arrazoia zein izan zen jakinarazi ez zelako, bai osasun sistemek izan zuten gainkargaren ondorioz, artatu gabeko pazienteak izan baitziren hil zirenak. «Hainbat herrialdetan osasun arloan egiten diren inbertsioak mugatuak direnez, askotan heriotza tasaren benetako tamaina ezkutuan geratzen da», ziurtatu du Samira Asma doktoreak, OMEren Datu azpizuzendariak.

OMEk ohartarazi du hainbat herrialdetan erakunde ofizialek jasotako hildako kopurua halako hamar dela benetakoa, eta India jarri du horren adibide: Msemburiren hitzetan, 4,7 milioi indiar hil dira bi urte horietan. Antzera gertatu da Errusian, Indonesian, AEBetan, Brasilen, Mexikon eta Perun ere, OMEren arabera. Estimazioa egiteko, OMEk bi urte horietan hil diren pertsonen kopurua hildakoen ohiko kopuruarekin alderatu du. Gainera kontaketa horretan sartu ditu birusaren albo ondorioen eraginez hil direnak, zuzenean hil ez baziren ere.

Estimazioa egiteko orduan, adina eta generoa aintzat hartu ditu OMEk. Generoaren arabera, hildakoen %57 gizonak izan dira, eta %43, emakumeak, OMEk jaso dituen datuetan ageri denez. Gainera, zehaztu du hildako gehienak Asia hego-ekialdean, Europan eta Amerikan izan direla. 14,9 milioi horietatik erdiak errenta txiki-ertaina duten herrialdeetan hil dira (%53). Errenta ertaina-handia duten herrialdeetan, berriz, hildakoen %28 izan dira.

«Pandemiaren tamaina neurtzeko ezinbestekoa da ezkutuan geratu den heriotza tasa neurtzea. Horrek aukera ematen baitie erabakiak hartu behar dituztenei heriotza tasa murrizteko eta etorkizuneko krisiak hobeto aurreikusteko», esan du Asmak.

Nazioa Batuen Erakundeak aste honetan jakinarazi duenez, mundu mailan positiboak eta astero hiltzen direnen kopuruak behera egiten ari diren arren, omikronaren bi aldaera gora egiten ari dira Amerikan eta Afrikan. Horregatik, Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak zuhurtzia eskatu du: «Datu horiek ez dute istorio osoa kontatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.