Energia

Ostiralean onartuko du Espainiako Gobernuak argindarra merkatzeko sistema

Elektrizitatea %30 merkatuko die tarifa arautua dutenei eta industriei, Espainiako Gobernuak ziurtatu duenez.

Argindar dorreak, Altsasun. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 10a
13:14
Entzun

Ministroen ezohiko kontseilu bat egingo du ostiralean Espainiako Gobernuak, gasaren prezioa mugatu eta hartara argindarra merkatzeko tresna onartzeko. Gaurko ohiko bileran onartu nahi zuen neurri hori, baina xehetasun tekniko batzuk konpondu behar ditu aurretik.

«Geure lankide portugesekin lan sakona egiten ari gara. Tresna zehaztu dugu jada, eta Europako Batzordeak egin zizkigun eskaera batzuk moldatu ditugu. Bi gobernuen moldaketak bateragarriak izateko zain gaude, hartara biek modu paralelo batean onar ditzagun», azaldu du Isabel Rodríguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak.

Argindar kontuetan merkatu bakarra da Iberiar penintsulakoa, eta, Frantziaren bitartez oso konexio gutxi dituenez, harekin salbuespen bat egitea hitzartu zuen martxoan Europar Kontseiluak, beren kabuz neurriak har zitzaten argindarra merkatzeko. Sistemaren baldintza nagusiak apirilean lotu zituzten Madrilek, Lisboak eta Bruselak.

Rodriguezek berretsi egin du aurretik Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak emandako datua: argindarra %30 inguru merkatuko zaie PVPC tarifa arautua dutenei —herritarren %40— eta handizkako merkatuari lotutako industriari (%80).

Hori egiteko bidea izango da argindarra sortzeko erabiltzen den gasari batez beste 50 euroko prezioa ematea —40 euro, hasieran—. Azken hilabeteetan 90-110 euroan salerosten ari da Herbehereetako TTF erreferentziazko merkatuan, eta horrek eragin du argindarra asko garestitzea, EBkoa sistema marginalista bat delako, eta energia iturri garestienaren prezioan ordaintzen direlako gainerako iturriak ere.

Gasari gehienezko muga jarrita, ziklo konbinatuko zentralek argindar merkeagoa eskaini ahal izango dute, eta horrekin espero dute batez besteko prezioak apalagoak izatea. Zentral horien jabeek konpentsazioa jasoko dute gasaren benetako kostua estali ahal izateko. Zehazki konpentsazio hori nork ordaindu behar duen da ostiralean argitu beharreko puntu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.