AEB-ak

AEBetako Senatuak ez du onartu abortu eskubidea bermatzeko lege proiektua

Auzitegi Gorenak haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionalean atzera egiteko asmoa du, eta demokratek horri aurre egiteko aurkeztu zuten lege proiektua.

Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestari bat, Miamin (AEBak), joan den astean. ANA MENGOTTI / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 12a
09:30
Entzun

Abortatzeko eskubidea indargabetzeko prozesuak aurrera jarraitzen du AEBetan. Joan den astean Politico hedabideak filtratu zuenez, AEBetako Auzitegi Konstituzionaleko magistratu gehienak haurdunaldia eteteko eskubidea indargabetzearen alde daude. Horren ondorioz, 1973. urtean Roe v. Wade izenez ezagun egin zen epai historikoa baliogabetu dezakete, eta hogeitik gora estatutan abortua debekatu.

Horri aurre egiteko, Alderdi Demokratak abortu eskubidea bermatzeko lege proiektu bat aurkeztu zuen senatuan, baina, espero zen bezala, ez dute onartu. Bart egin dute bozketa, eta egitasmoak aldeko 49 boto eta aurkako 51 jaso ditu (aldeko 60 boto behar zituen eztabaidatzen hasi ahal izateko). Alderdi Errepublikanoko 50 senatariek bozkatu dute aurka, baita demokrata batek ere.

Joe Biden presidenteak emaitzak jakin ostean hitz egin du gaiaz: «Emakumeen eskubide konstituzionalak inoiz ez bezalako eraso bat jasaten ari dira, eta estatubatuarraren gehiengoaren borondatearen aurka doa hori», esan du. «Herritarrek eskubidea izan behar dute euren gorputzaren, familiaren eta bizitzaren inguruko erabakirik pertsonalenak hartzeko, eta hori oztopatzen ari dira errepublikanoak», gehitu du.

Zirriborroa

Politico-k joan den astean zabaldu zuena abortu eskubidea indargabetzeko erabakiaren lehen zirriborro bat da. Testuak ez du uzten interpretaziorako tarte handirik: otsailean emandako boto pribatu horren arabera, Gorenaren gehiengo kontserbadore bat 1973an onartutako eta 1992an Planned Parenthood v. Casey auzian berretsitako aurrekaria indargabetzearen alde dago. «Roe oso oker zegoen hasieratik», adierazi du, idatziz, Alito epaileak. «Haren motibazioa bereziki ahula izan zen, eta erabaki hark ondorio kaltegarriak izan ditu. Abortuaren inguruan adostasun nazionala lortu beharrean, Roe eta Casey sententziek eztabaida leundu zuten, eta zatiketa sakondu», nabarmendu zuen filtratutako zirriborroan.

Dena den, lege hori indargabetzen denean, AEBetako leku guztietan ez da legez kanpokoa bihurtuko abortatzea: estatu bakoitzaren araberakoa izango da. Haietako bakoitzak erabakiko du legezkoa izango den, eta zer egoeratan. Estatu askok baimendu egingo dute aurrerantzean ere, eta baimenduko ez dutenetan bizi diren emakumeei laguntzeko asmoa ere erakutsi du estatu batek edo bestek. Legez behintzat, euren estatuetan abortatzea debekatuta daukaten emakumeek posible izango dute hori egitea beste estatu batzuetan.

Adituen arabera, abortatzeko eskubidea kenduta, abortua legez kanpo utziko dute estatuen erdiek, gutxi gorabehera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.