ABORTUAREN LEGEA

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixo baimena jasoko du Espainiako abortuaren legeak

Irene Montero Berdintasun ministroak azaldu du, hala ere, Ogasun Ministerioak ez duela baimendu tanpoi eta konpresei BEZa murriztea.

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 16a
13:08
Entzun

Espainiako Ministroen kontseiluak bihar eztabaidatuko du abortuaren lege berriaren zirriborroa, eta Irene Montero Berdintasun ministroak SER irrati katean zehaztu duenez, bi neurri aipagarri jasoko ditu, besteak beste: hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea, eta erditze aurreko baimen ordaindua, haurdunaldiko 39. astetik aurrera.

Monterok azaldu duenez, hileko mingarriagatik hartutako baja sailkatu egingo dute «aldi baterako ezintasun berezi baten gisara», eta, hori eskatzeko, ez da gutxieneko kotizazio aldirik beharko: Espainiako Estatuak hartuko du bere gain lehenengo egunetik, eta «ez du epemugarik izango».

Ministroak iragarri du, hala ere, hileroko higienerako produktuei ez dietela BEZa murriztuko, neurri hori Espainiako Gobernua osatzen duten alderdien arteko koalizio akordioan jasota dagoen arren. «Ogasun Ministerioak ez du neurri hori legean jaso nahi izan, baina berriro negoziatuko dugu, Estatuko Aurrekontu Orokorretan», esan du Monterok. Tanpoiei eta konpresei BEZa murriztearen kostua 30 milioi euro inguru dela gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzarentzat, «garrantzitsua»

Eusko Jaurlaritzaren ustez, «garrantzitsua» da biztanleriaren erdiari eragiten dioten arazoei heltzea, «hala nola hileko mingarriei». Hori esan du Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Radio Euskadin. Azaldu duenez, abortuaren legearen gaineko iritzi zehatzagoa emanen du Eusko Jaurlaritzak, Ministroen Kontseiluak behin betiko proiektua onartzen duenean: «Ez dugu ezagutzen testu zehatza, hedabideetan entzundakoa besterik ez». Hala ere, garrantzitsutzat jo du «politikak begirada jartzea herritarren erdiei eragiten dieten auzietan.

«Hamarkada eta mende luzeetan —gehitu du—, gizonezkoen ikuspegitik zehaztu dira politikak eta erabakiak, eta, askotan, ahaztu egiten dugu gizartearen erdia emakumeek osatzen dutela. Gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna normalizatzeko eta aurrera egiteko, uste dut beharrezkoa dela auzi hauek mahai gainean jartzea, eztabaidatzea eta erabakiak hartzea».

EH Bildu: «Neurri aurrerakoiak eta ausartak dira»

Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, begi onez hartu ditu legeak jasoko dituen berritasunak: «Ongi etorria da abortuaren legea, neurri aurrerakoiak eta ausartak dakartzalako. Emakume askori eragiten die hileko mingarriak, eta ulertezina da hori zalantzan jartzea», esan du ETB1eko Egun on, Euskadi saioan.

Hala ere, legearen hutsunetzat jo du konpresei, tanpoiei eta gainerako higiene produktuei BEZa murrizteko neurririk ez jasotzea: «Airean dago oraindik emakumeen higiene produktuei BEZa kentzea, Ogasun Ministerioaren eragozpenengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.