Musika

Hamar artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoaren VI. Sarietan

Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu dituzte aurten, Barakaldoko BECen eginiko galan.

Saria jaso duten musikariak, gaur, BECeko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko maiatzaren 17a
19:14
Entzun

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak Barakaldoko BEC erakustazokan eginiko galan banatu ditu seigarrenez bere sariak, astelehen arratsaldean, eta sarituek horien guztien aurrean jaso dituzte garaikurrak. Sektoreko ehun profesional inguru bildu dira ekitaldian, baita instituzioetako ordezkariak ere, eta horien guztien aurrean jaso zituzten garaikurrak sarituek. Ehun proposamen baino gehiagoren artetik, hamar artista zein talderen ibilbideari egin dio aitortza Musika Bulegoak: Olatz Salvador, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Ramon Lazkano, Verde Prato, Amak, Trio Zukan eta Motxila 21 taldeak saritu ditu aurten.

Elkarteak azaldu duenez, euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutarazi eta bultzatzea, eta erakusleiho izatea dute helburu sariek. Aurtengo proposamenen erdietan baino gehiagotan emakumeak izan direla buru ere nabarmendu dute. Eta, horien guztien artetik, sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak artista zein talde sarituetako zortzi hautatu ditu. Halaber, Zukan Triok Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria eskuratu du, euskal musika Euskal Herriko mugetatik harago zabaltzeko egindako lanagatik. Bederatzi sarituek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistaren eskultura jaso dituzte, eta zuzeneko emanaldia ere eskaini dute hainbatek ekitaldian.

Azkenik, Musika Bulegoko zuzendaritza batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari, «bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako». Mikelarenaren eskultura jaso du taldeak ere.

Musika Bulegoak gogorarazi du iazko urtea sektorearentzat «bereziki zaila» izan zela, baina baita «oparoa» ere euskal musikarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.