Euskaraldia

Ariguneak izango ditu protagonista aurtengo Euskaraldiak

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute Euskaraldiaren hirugarren aldia, eta gaur zabaldu dute entitateek parte hartzeko epea. Euskaraz «lasai» aritzeko guneak sortzen, hedatzen eta identifikatzen jarraitzea «lehentasuna» izango da aurtengoan.

Euskaraldiari buruzko prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. EUSKALTZALEEN OPAGUNEA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 18a
13:30
Entzun

Belarriprest eta ahobiziekin batera, ariguneak izango dira aurtengo Euskaraldiko protagonistak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta gaur zabaldu dute entitateek parte hartzeko epea. Izan ere, 2020an bezala, entitateek parte hartu ahal izango dute ariguneak sortuz eta euskaraz «lasai» aritzeko guneak bermatuz. Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua, eta, horregatik, izena emateko proposamena egin diete enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei. Gaineratu dute aurten izen-emate prozesua «erraztu» dutela.

Gaur egin dute Euskaraldiari buruzko prentsaurrekoa, Gasteizen, eta egitasmoan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute ariguneek zenbateko garrantzia duten Euskaraldian. Adierazi dutenez, aurreko aldietako balorazioetan ikusi dute euskara erabiltzeko «gune babestuak» izateak erabilera errazten duela, eta, horrekin batera, hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskarazko praktika linguistikoak areagotzen laguntzen dutela. Horregatik, ariguneak sortzen, hedatzen eta identifikatzen jarraitzea «lehentasuna» izango da aurtengoan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ere dei egin du entitateetan ariguneak sortzera: «Ariguneak sortzeko proposamena entitate bakoitzean aztertu eta zer urrats egin ditzaketen pentsatzea proposatzen dugu». Adierazi duenez, entitate guztiek dute euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko aukera; «euskararentzako gune erosoak sortzeko aukera», hain zuzen ere.

Antolatzaileen arabera, aurreko aldian entitateek izan zituzten esperientziak eta lorpenak beste batzuentzat baliagarri izan daitezke, eta, horregatik, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina egingo dutela azaldu dute. Izan ere, Eusakaraldiarekin gizartean aldaketa bat eragin nahi dute; hizkuntza praktikatan eragin nahi dute, hain zuzen. Hori lortzeko, entitate eta herritarrei proposatu diete euren buruei «erronka konkretuak» jartzeko, euskararen erabilera areagotzeko eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko.

Jakinarazi dutenez, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera izango dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko aukera. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen arabera, aurtengoa «garrantzitsua» izango da, herritarrek kalea hartzeko, gizarte aktibazioa handitzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dutelako. Horregatik, azaldu du egitasmoan parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango dela aurtengo «lehentasunetako bat».

Ikusi gehiago:«Herri gogoa» Korrikatik Euskaraldira eraman nahi dute

Zupiriaz eta Urkijoz gain, prentsaurrekoan parte hartu dute Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, eta 2020ko Euskaraldian parte hartu zuten Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Bizkaiko Medicus Mundi eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariek. Agerraldian, gainera, hauek ere egon dira: Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta euskara zinegotzia, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, GEU euskara elkartea eta Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.