Energiaren garestitzea

Gasolina litroa bi euro baino garestiago saltzen dute Euskal Herriko gasolindegien herenek

Astebetean bost zentimo igo da gasolinaren bataz besteko prezioa Hego Euskal Herrian. Gasolioa lau zentimo merkatu da maiatzean Iparraldean, eta hiru Hegoaldean. Depositua betetzea duela urtebete baino 28 (E-95) eta 36 (A gasolioa) euro garestiagoa da.

Donostiako gasolindegiko bat, apirilaren 1ean, Espainiako Gobernuaren hobaria indarrean sartu zen egunean. JON URBE, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 19a
15:56
Entzun

Abendutik gasolinaren prezioak izan duen gorakadak ez du etenik. Frantziako eta Espainiako Gobernuek urte hasieran hartutako neurriek erabiltzaileei arnasa pixka bat eman zieten arren, berriro hartu du gorako joera, eta martxotik hona batez beste hamar zentimo garestitu da Euskal Herrian, 1,809 eurotik 1,909 eurora. BERRIAren erregaien prezioaren orrialde berezian ikus daitekeenez, abendutik hona 53 zentimo garestitu da gasolina mota hori litroko. Igoera maiatzean handitu da. Astebetean, maiatzaren 13tik, bost zentimo igo da (0,053 euro), eta atzo Euskal Herrian E-95 gasolina saltzen duten 539 gasolindegietatik 193tan (%35,8) bi euro baino garestiago zegoen jada litroa.

Kopuru horiekin esan liteke Espainiako Gobernuak apirilean ezarri zuen hogei zentimoko hobariaren erdia petrolio konpainiek irentsi dutela jada. E-95 gasolina litroa bi eurotik gorako prezioan saltzen duten 193 gasolindegi horietatik 186 Hegoaldean daude. Ipar Euskal Herrian martxoan hasi zen nabaritzen Frantziako Gobernuaren neurrien eragina. Bost astean 1,971tik 1,780ra jaitsi zen E-95 gasolinaren salneurria. Hortik aurrera, baina, garestitu egin da, eta orain 1,907 euroan saltzen da litroa, martxoaren hasieran zuen salneurri berean.

Orain, E-95 gasolina toki hauetan dago garestien: Bidaxunen (2,13 euro, Nafarroa Beherea), Orontzen (2,12, Nafarroa), Donibane Lohizunen (2,109, Lapurdi), Baionako Nafarroako Herni etorbidean (2,105), Itzan (2,099, Nafarroa), Beasainen (2,089, Gipuzkoa) eta Gernika-Lumon (2,084, Bizkaia). Merkeen, berriz, Etxarri-Aranatzen (1,809 euro, Nafarroa), Zeanurin eta Lemoan (1,799, Bizkaia), Amendüze-Unason (1,774, Nafarroa Beherea), Baionako Grand Basque etorbidean (1,675), Hendaian (1,66, Lapurdi), Angelun (1,549, Lapurdi) eta Senperen (1,335, Lapurdi).

Gasolioa merkatu egin da

E-98 gasolina ere nabarmen garestitu da. Hego Euskal Herriko batez besteko prezioak maiatzean gainditu zuen bi euroen langa, eta ez da hortik jaitsi; atzo 2,104 euroan zegoen. Gasolinaren prezioak gora egin du, eta A gasolioa, berriz, merkatu egin da, eta gasolina baino merkeago dago berriro Euskal Herrian: 1,891 euroan dago A gasolioa, eta 1,948 euroan E-95 gasolina. Iparraldean lau zentimo merkatu da azken hamar egunetan. Hegoaldean, berriz, hiru zentimo.

Europako Batasuna Errusiako petrolioa bahitzea ari da aztertzen, eta, adituen arabera, horrek eragin du maiatzeko igoera. Ikusteko dago zer gertatzen den ekainera bitartean, Hego Euskal Herrian ekainaren 30ean amaituko baita Espainiako Gobernuaren hobaria. Une honetan prezio horiei hogei zentimoko beherapena egiten zaie Hegoaldeko gasolindegietan: hamabost Espainiako Gobernuaren kontura, eta bost petrolio konpainien kontura.

Salneurri horietan, 55 litroko edukiera duen auto batean depositua E-95 gasolinarekin betetzea duela urtebete baino 28 euro garestiagoa da. Ipar Euskal Herrian, iazko maiatzetik, E-95 gasolina 31 zentimo garestitu da litroko, eta Hegoaldean, 0,54 zentimo (Madrilen beherapena aintzat hartu gabe). Gasolioa gehiago garestitu da urte honetan, eta 55 litroko depositu bat betetzea duela urtebete baino 36 euro garestiagoa da. Urtebeteko igoera 49 zentimokoa izan da Ipar Euskal Herrian, eta 68 zentimokoa Hegoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.