AEB-ak

Oklahomak ia guztiz debekatuko du abortua

Estatuko Ordezkarien Ganberak AEBetako abortu legerik murriztaileena onartu du: amaren bizitza arriskuan badago edo bortxaketa ala intzestua izan bada baimenduko du soilik. Gobernadorearen sinadura falta da indarrean sartzeko.

Abortuaren aldeo manifestazio bat, New Yorken, atzo. SARAH YENESEL / EFE
2022ko maiatzaren 20a
11:13
Entzun

AEBetako Oklahoma estatuko Ordezkarien Ganberak herrialde osoko abortu legerik murriztaileena onartu du: soilik amaren bizitza arriskuan badago edo bortxaketa ala intzestua izan bada baimenduko du. Kevin Stitt gobernadorearen sinadura falta da indarrean sartzeko, eta Stittek jakinarazia du sinatuko duela.

Gainera, Texasek iaz onarturiko abortu legearen adibideari jarraituz, Oklahomakoak herritarrei modua emango die emakume bati lagundu dion edonor salatzeko. Abortu bat salatzen duenari 10.000 dolar arteko diru saria ematea jasotzen du. Ohar baten bidez, AEBetako Gobernuaren bozeramaile Karine Jean-Pierrek esan duenez, abortatzeko eskubidearen aurka orain arte egindako «ahaleginik muturrekoena» da erabakia.

Politico hedabideak hilabete hasieran filtraturikoaren arabera, hogeitik gora estatutan debekatu dezakete abortua AEBetan, herrialdeko Auzitegi Gorenak eskubidea baliogabetzen badu. Izan ere, atariak argitara ateratakoaren arabera, abortatzeko eskubide konstituzionalean atzera egiteko prest legoke Gorena; erabakiaren lehen zirriborro bat dirudiena zabaldu zuen.

Zirriborro horretan, Samuel Alito epailearen sinadura ageri da, eta gorteko bederatzi magistratuetako bosten iritziak jasotzen ditu. Duela hainbat hamarkada, auzitegi horretan bertan onartu zuten haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala, 1973. urtean, Roe v. Wade izenez ezagun egin zen epai historikoan.

Testuak ez du interpretaziorako tarte handirik uzten: otsailean emandako boto pribatu horren arabera, Gorenaren gehiengo kontserbadore bat 1973an onartutako eta 1992an Planned Parenthood v. Caseyauzian berretsitakoa indargabetzearen alde dago.

«Roe oso oker zegoen hasieratik», adierazi du, idatziz, Alito epaileak. «Haren motibazioa bereziki ahula izan zen, eta erabaki hark ondorio kaltegarriak izan ditu. Abortuaren inguruan adostasun nazionala lortu beharrean, Roe eta Casey sententziek eztabaida leundu zuten, eta zatiketa sakondu», nabarmendu du filtratutako zirriborroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.