Energia

Errusiak moztu egingo dio gasa Finlandiari

Errublotan ordaintzeari muzin egin dio Gasum konpainiak, Moskuk hala eskatu arren.

Gazpromen egoitza bat, San Petersburgon. ANATOLY MALTSEV / EFE
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 20a
13:04
Entzun

Gazprom Exportek jakinarazi du bihar goizeko zazpietan utziko diola Finlandiari gasa hornitzeari. Apirilaren amaieran, Poloniari eta Bulgariari moztu zien gasa.

Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramailearen arabera, Gasum Finlandiako gas konpainiak uko egin dio gasa errublotan ordaintzeari, eta horregatik etengo dute fluxua. «Doan inork ez du ezer entregatzen», gaineratu du.

Europako Batasunak debekatua du gasa errublotan ordaintzea, Gazpromekin sinatutako kontratuetan espresuki hori esaten ez badu —gehien-gehienek eurotan eta dolarretan pagatu behar dutela diote—. Errusiako Gobernuak, baina, errublotan ordaintzera behartu nahi ditu, hartara bere diruaren eskaria handitu eta haren balio galera eragozteko.

Aste honetan debekua indarrean dagoela nabarmendu du Frans Timmermans Europako Batzordeko lehendakariordeak, gas konpainia batzuk errublotan ordaintzen ari direla zabaldu baita.

Gasumek azaldu du prestatzen ari zela gasaren mozketarako, eta ziurtatu du ordezko hornitzaileak aurkitu dituela. Hortaz, «gai izango gara geure bezeroak hornitzeko», esan du Mika Wiljanen Gasumeko buruak.

Hain zuzen ere, Finlandiako gas banatzaile publikoak, Gasgridek, akordio bat izenpetu du gaur Texasko Excelerate Energy konpainiarekin, hurrengo hamar urteetan haren gas natural likidotua berriro gas bihurtzen duen ontzi bat erabiltzeko.

Exemplar izeneko itsasontzia Argentinan dago gaur egun, eta hango negua amaitzen denean abiatuko da Finlandiarantz.

Gasgrid bezala, Finlandiako estatuarena da Gasum, eta, herrialde horretan ez ezik, Suedian, Norvegian eta Alemanian ere lan egiten du.

Finlandiak 2.200 metro kubiko gas inportatu zituen iaz, eta horretatik %92 hartu zuen Errusiatik. Energia beharren %5 estali zuen gas horrekin.

Finlandia, NATOra

Finlandiari gasaren iturria mozteak interpretazio politikoa ere izan dezake, herrialde hark bere neutraltasun historikoa alde batera utzi eta NATOn sartzea eskatu berri baitu, Suediarekin batera. Errusiako Gobernuak deitoratu egin du Eskandinaviako bi herrialdeen erabakia, baina haien egoera eta Ukrainarena desberdinak direla nabarmendu du.

Joan den astean, Errusiako Inter RAO konpainiak Finlandiari argindarra saltzeari utzi zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.