Indarkeria matxista

Emakumeentzako jai giro «seguruak» sortu nahi ditu Emakundek

«Berdintasunezko jaiak» lortzeko asmoz, festetako indarkeria matxista prebenitzeko gida ondu du Emakundek, Eudel eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin elkarlanean. Udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, txosnei eta jai ekitaldiak programatzen dituzten kolektiboei zuzendu diete.

Jaietako indarkeria matxista prebenitzeko gida aurkeztu dute, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 23a
13:20
Entzun

Festetako indarkeria matxista kasuak prebenitzeko helburuarekin, Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida aurkeztu dute gaur, Gasteizen. Emakundek ondu du gida, Beldur Barik programaren barruan, eta Eudel eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin elkarlanean. Udalei, jai batzordeei, ostalaritzari, txosnei eta jai ekitaldiak programatzen dituzten kolektiboei zuzendu diete.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, gidaren metodologiak eta helburuak eraso matxistak prebenituko dituzten jaiak antolatzen lagun dezakete. Izan ere, eraso horiek identifikatzeko eta prebenitzeko jarraibideak ematen ditu, baita eraso egin dietenak artatzeko edota eraso baten aurrean erantzun publikoa antolatzeko aholkuak ere.

Gidan proposatu dute, besteak beste, andreentzako «seguruak» izango diren giro «atsegin eta errespetuzkoak» sortzea. Horretarako, aholkatu dute komunak leku argitsuetan eta jendea pasatu ohi den lekuetan jartzea, edota udalerriko toki «arriskutsuetan» argiak jartzea.

Aurtengo uda «berezia» izango dela adierazi du Artolazabalek, bi urteko pandemiaren ondoren «normaltasunera» itzuli eta herri eta hirietako jaiak bueltatuko direlako. Horrela, nabarmendu du ezin dela normaltasunaz hitz egin «eraso sexistak gertatzen diren bitartean», eta gaineratu du horregatik sortu dutela gida, «berdintasunezko jaiak» nahi dituztelako: «Ez jaiek, ez alkoholak, ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen. Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen».

Sailburuak gogorarazi du festak antolatzen hasten diren «lehen unetik» sortu behar dituztela emakumeentzako «gune seguruak». Horretarako, udalen artean banatuko dute gida; izan ere, Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak eta Gasteizko alkateak adierazi du udalek «funtsezko zeregina» dutela berdintasunaren alde sentsibilizatzerako orduan, eta nabarmendu du gidak «udalak inspiratzeko» balio duela: «Batez ere txikientzat da baliagarria, prozesu horiek diseinatzeko behar diren langile teknikoak ez dituztenentzat, alegia».

Artolazabalez eta Urtaranez gain, agerraldian izan dira, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, eta Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria eta Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.