Lan araudia

Jaurlaritzak 3.559 enpresa ohartaraziko ditu kontratu irregularrak izateagatik

Datozen egunotan gutunak bidaliko dizkie Lan Ikuskaritzak, 9.950 kontratu lan erreformara egokitu ditzaten. 

Lan Ikuskaritzaren aginduz geratutako lan bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 26a
12:19
Entzun

2021eko lan erreformak mugatu egiten du enpresek aldi baterako kontratuak egiteko aukera, baina hilabete batzuetako epea eman zien enpresei kontratazio molde berrietara egokitzeko. Trantsizio hori amaituta, arau berrietara egokitu ez diren enpresak ohartarazten hasiko dira lan ikuskaritzak.

Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak gaur jakinarazi duenez, hurrengo egunetan 3.559 gutun bidaliko dizkie beste hainbat enpresari, egoera irregularrean egon daitezkeen 9.950 kontratu berrikusteko eskatzeko. Hiru dira ikuskariek atzemandako irregulartasunak: aldi baterako kontratuek baimendutako epea gainditu izana; aldi baterako kontratuak kateatzea; eta aldizkako kontratu finkoak gehiegi erabiltzea.

Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak azaldu duenez, Espainiako ikuskaritzarekin lankidetzan ari da, eta kontratazioan iruzurraren aurka borrokatzeko sistema informatiko berria erabiltzen ari dira. «Teknologia erabiliz, iruzurraren aurka Borrokatzeko Tresnak aukera ematen du datuak gurutzatzeko eta aldi baterako kontratuen arloan irregulartasunak dauden edo arauak betetzen ez diren egoerak detektatzeko», azaldu du sailak.

Iaz hiru gutun bidalketa egin zituen, otsailean, apirilean eta urrian. Guztira, 9.000 gutun bidali zituen Lan Ikuskaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 22.852 kontratu berrikusteko eskatu zieten enpresei. Horietatik, 14.152 mugagabe eta lanaldi osokoak bihurtu ziren. Gainera, ohiko jardueraren bitartez 2021ean beste 10.964 kontratu berrikusi zituzten enpresek, eta aldi baterako 2.342 kontratu mugagabe bihurtu ziren.

Enpresen %4k kateatzen dituzte

Aurtengo lehen eskutitz sorta izango da maiatzekoa. 771 gutun jasoko dituzte ustez aldi baterako kontratuen epeak gainditu dituzten enpresek. Ikuskariek diotenez, kasu batzuetan lau urtetik gorako obra eta zerbitzu jakineko kontratuak izan dituzte langile batzuek, eta beste batzuek urtebetetik gora daramate ekoizpenaren zirkunstantziek eragindako behin-behineko kontratuekin. Enpresen %1,1etan aurkitu dituzte halako irregulartasunak.

Lan Ikuskaritzak arazo gehiago atzeman ditu benetan aldi baterako ez diren egoeretan aldi baterako kontratuak kateatzen diren kasuekin. Enpresen %4tan ikusi dituzte halako irregulartasunak, eta, ondorioz, 2.468 enpresak jasoko dituzte oharrak.

320 enpresak beste arrazoi batengatik jasoko dute gutuna: aldizkako kontratu finkoak egiteagatik berez aldizkakoak ez diren lanengatik. «Ezin zaio aldizkako izaera finkoa eman etenik gabe mantentzen den harreman bati», gogorarazi du Lan Ikuskaritzak. Enpresen %1,1ek dute jokabide hori. Gainera, arau hauste horrengatik zortzi kontserba enpresa ohartarazi dituzte.

Ustezko iruzur gehien Bizkaian dago, lurralde horretan 6.138 kontratu berrikusi beharrekoak direla esan baitu Lan Ikuskaritzak (%61,7). Gipuzkoan 2.707 kontratu aldarazi nahi ditu, eta Araban, 976.

Eskutitzetan, Lan Ikuskaritzak jakinaraziko die enpresei hilabete dutela kontratuak erregularizatzeko. Hala egin ezean, ikuskariek berek zabalduko dituzte jardunak. Gogorarazi duenez, arau hauste larritzat jotzen dute kontratuak ez aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.