Zerga sistema

Arabak bi hilabetez atzeratuko du Ticket Bai sistema

Abenduaren 1etik aurrera izango da derrigorrezkoa, urriaren 1etik aurrera izan ordez. 60 urtetik gorako autonomoak ere salbuetsita geratuko dira.

Aldundiko eta merkataritza nahiz enpresarien elkarteetako ordezkariak, gaur, Gasteizen. BERRIA
aitor biain
2022ko maiatzaren 27a
12:12
Entzun

Arabako Ogasunak bi hilabetez atzeratuko du Ticket Bai fakturazio sistema berria nahitaez ezartzeko epea: 2022ko urriaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izatea nahi zuen, baina abenduaren 1era atzeratu du. Halaber, salbuetsi egin ditu 60 urtetik gorako profesionalak eta erretiroa gertu dutenak.

SEA patronalarekin, eta Gasteiz On eta Aenkomer merkataritza elkarteekin bilerak egin ostean hartu du erabakia aldundiak. Izan ere, sistemak kexa ugari sortu ditu, batez ere denda txikien artean, ordenagailu bat eta software bat jartzeko inbertsio bat egitea eskatzen zaielako.

Hain zuzen, Arabadendak ostalaritza eta zerbitzu sektoreetako enpresen federazioak epemuga atzeratzeko eskatu zion diputazioari orain gutxi Arabako Batzat Nagusietan egindako agerraldian. Haien ustez, «ez da garairik aproposena» sistema indarrean jartzeko, izurriaren ondorioei aurre egin ezinik daudelako asko oraindik.

Inkestaren emaitzak

Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak azaldu duenez, elkarteek eta profesionalek adierazitako kezkei erantzun die aldundiak epea atzeratuta. «Gure asmoa izan da beti hartu beharreko edozein neurri babestuta egotea, eta aurkeztutako datuek hori bermatzen dute».

Izan ere, elkarte eta federazioek inkestak egin dituzte azken hilabeteetan; sistemaren ezagutzari eta onarpenari buruz galdetu diete negozioei eta profesionalei, eta galdeketa horietan ere azaldu da kezka beste behin. Fakturazio sistema martxan jartzeko data gainean zuten askok, eta hura ezartzeko lanean hasiak baziren ere, badira oraindik ezer egin duenik ere. Gasteiz On elkartean, esaterako, hiru negoziotik batek ez du egokitzapen lanik egin.

Aenkomerren kasuan, galdetutako negozioen %35ek egokitu dute jada sistema, eta beste %30 hasiak dira egokitzen. SEAn, berriz, enpresen %15 hasi dira erabiltzen Ticket Bai fakturazio sistema –%25 zerbitzuen sektorean–, baina gehienak egokitzeko lanetan daude oraindik.

Araban urtarrilaren 1ean hasi zen Ticket Bai borondatez ezartzeko epea. Apirilaren 1etik aurrera, derrigortuta daude zerga aholkularitza enpresak, eta uztailaren 1etik izango da nahitaezkoa farmazientzat eta osasun eta garbiketa produktuen dendentzat. Gainerakoentzat, abenduaren 1etik aurrera izango da orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.