Espetxeratu duten GKSko kidearen libratzea galdetzeko protesta eginen dute ostiralean

Martuteneko kartzelan sartu dute GKSko kidea, 2018ko ikasle greba baten harira izandako epaiketa baten ondorioz. Haren libratzea galdetzeko manifestazioa eginen dute Baionan ostiralean.

Urruñan egindako elkarretaratzea, ostiralean GKSko kidearen libratzea eskatzeko. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko maiatzaren 30a
11:46
Entzun

Gazte Koordinakunde Sozialistako kide bat atxilotu zuten iragan ostegun gauean, Itziarren (Gipuzkoa). Berehala, Martuteneko kartzelara (Donostia, Gipuzkoa) sartu zuen Ertzaintzak, eta, erran dutenez, sei hilabeteko kondena bete beharko du. Gabi Daraspe Urruñakoa (Lapurdi) da, eta 2018ko ikasle greba baten harira izandako epaiketaren ondorioz sartu dute preso, Kontseilu Sozialistaren arabera. Garai hartako auzian desordena publikoa leporatu zioten, haren abokatuak BERRIAri erran dionez. Hala, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak «berehala» libratzea galdetu du. Hain zuzen horren aldarrikatzeko, manifestazioa eginen dute heldu den ostiralean, Baionako San Andres plazatik hasita, 19:00etan, Gabi askatu, amnistia osoa lelopean.

Salatu dutenez, GKSko Daraspe asteburuan ezin izan da bere «konfiantzazko» abokatuarekin mintzatu, eta bakartuta egon behar izan du COVID-19aren kontrako protokoloaren ondorioz. Gainera, salatu dute ez duela haren hurbilekoekin telefonoz mintzatzeko aukerarik ukan asteburuan. «Estatuen izaera autoritarioa eta errepresiboa geroz eta agerikoagoa den testuinguru honetan, militantzia politikoaren kontrako ofentsiba salatu eta lan politikoa egiteko baldintzak defendatzea dagokigu», aldarrikatu dute.

EHZ festibaleko antolatzaileek ere atxiloketa salatu dute sare sozialetan. Zehaztu dute festibaleko laguntzailea dela Daraspe. «2021eko ediziotik mugimendu eta antolakunde politiko desberdinetako eta EHZko laguntzaile diren hainbat laguntzailek errepresioa pairatu dute», salatu dute. Bat egin dute ostiraleko protestarekin.

Bestalde, eguerdian elkarretaratze bat egin dute Baionako Etxepare lizeoan. Izan ere, Daraspek bertan lan egiten du. Ikasleek antolatu dute protesta, eta haren askatzea galdegin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.