Ukrainako gerra

Errusiako gasaren enbargoa, EBk nekez gainditu ahal izango duen hesia

Baltikoek eskatu dute, eta Macronek ez du atea itxi, baina herrialde askok ez dute gasa moztu nahi. Errusiako petrolioaren %90i enbargoa jarriko dio EBk: debekatu egingo du itsasontziz ekartzea, baina Druzhba petroliobidetik hornitzen jarraituko dute Hungariak, Eslovakiak eta Txekiar Errepublikak.

Alemaniako Karlsruhe hiri petrolio findegia. RONALD WITTEK (EFE)
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 31
08:54
Entzun

Errusiaren aurkako seigarren zigor sorta lotuta, zazpigarrena negoziatzen hasteko presioa egiten hasi dira Europako Batasuneko herrialde batzuk. Edo beste modu batera esanda: Errusiako petrolioaren zati handienari enbargoa ezarrita, jada hasi direla Errusiari gasa ez erosteko erabakia hartzeko mugimenduak. Baina, gaur-gaurkoz, nekez ikusten da halako erabaki bat hartuko denik hurrengo hilabeteetan, EBko estatu kide askorentzat are zailagoa baita Errusiako gasarekiko mendekotasunetik ateratzea beren ekonomiei kalte handia egin gabe. Kaltetuenen artean Alemania eta Italia handiak daudenez, zigor gogorragoen aldekoek ere aitortu dute kostatuko dela.

«Nik uste dut gasak [zigorren] zazpigarren multzoan egon behar duela. Baina errealista naiz, eta ez dut uste hala izango denik», aitortu du Kaja Kallas Estoniako lehen ministroak, Europar Kontseiluan. Letoniako Krisjanis Karinsek ere eskatu du gasari enbargoa jartzea, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak berak esan du atea irekita utzi behar dela: «Inork ez daki nolako bilakaera izango duen gerrak. [...] Anbiguotasun estrategikoa erabilgarria da».

Von der Leyen: «Dagoeneko estali dugu energia»

Baina proposamen horiek harresi batekin egin dute topo. «Ez dut baztertzen hutsune batzuk estali behar izatea, baina energiaren zatirik handiena bete dugu dagoeneko», azaldu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak. Are garbiago mintzatu dira beste batzuk. «Bidearen amaiera da», esan du Alexander De Croo Belgikako gobernuburuak, eta Karl Nehammer austriarrak ziurtatu du gasaren enbargoa ez dela izango hurrengo zigor sortan.

Uzkurren artean Alemania nabarmentzen da, orain ordaintzen ari baita erregai fosilen erosketaren bitartez Errusiarekin harreman estua izateko politika. Edonola ere, Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik Alemaniak nabarmen murrriztu du Errusiako erregai fosilen erosketa: ikatzaren %45 ekartzen zuen Errusiatik, eta %8 orain; petrolioaren %35 lehen, eta %12 orain; eta gasaren kuota %55etik %35era txikitu da. Gas erosketak %30era jaitsiko dituela agindu du Berlingo gobernuak. Munduan zehar ari da hornitzaile gehiagoren bila, eta gas likidotua berriz gas bihurtzeko plantak ere prestatzen ari da.

Lurretik iritsiko da

Errusiako petrolioa erosteari ere utziko dio aurten Alemaniak, nahiz eta bera den gaur egun Druzhba oliobidearen bezero nagusia, %50eko kuotarekin. Petroliobide hori irekita uztea onartu du Europar Kontseiluak, seigarren zigor sortari buruzko akordioa lortu ahal izateko. Hungariaren baiezkoa lortzeko prezioa izan da hori. Oso pozik azaldu da Viktor Orban Hungariako lehen ministroa, bermatuta ikusten duelako bere herrialdearen hornidura. Errusiak Druzhba itxiko balu ere, beste estatu kideek hitzeman dute itsasontziz beste leku batzuetatik inportatutakoa pasatuko diotela.

Hurrengo egunotan zehaztuko duten epe batean izango da zabalik Druzhba, eta haren bidez hornituko dira Eslovakia eta Txekiar Errepublika ere. Gainera, Bulgariako Gobernuak jakinarazi du 2024 arte Errusiako petrolioa erosteko baimena lortu duela, bere findegi bakarra soilik prestatuta dagoelako hango petrolioa fintzeko.

Salbuespenak salbuespen, EBk ziurtatu du urte amaierarako %90 txikituko duela Errusiako petrolioaren erosketa —iaz, %68,5 iritsi zen itsasontziz—, eta, modu horretara, Errusiako Gobernuak 80.000 milioi euro gutxiago jasoko dituela Ukrainako gerra finantzatzeko. Europara ez doan petrolioa Asiara bideratu nahian dabil Mosku —jada handitu ditu esportazioak Txinara eta Indiara—, baina merkeago saldu beharko die: 93 dolarrean salerosi da azken asteetan Uraleko petrolioa, eta 123 dolarrean atzo Brent upela.

Gazpromek bihar etengo dio gasa Danimarkari

Gasaren enbargoa bi aldeetako mugimendua da, eta dagoeneko ezartzen ari da Errusia. Aurreko asteetan eten die gasa Bulgariari, Poloniari eta Finlandiari, gaur Herbehereei, eta bihar Danimarkari. Gazpromek azaldu duenez, Danimarkako Orsted konpainiak uko egin dio gasa errublotan ordaintzeari, eta horregatik eten die hari eta Shell Energy Europeri.

Bruselak gogorarazi die EBko konpainiei beren kontratuetan dagoena bete behar dutela, eta gasa eurotan edo dolarretan ordaindu. Italiako, Frantziako eta Alemaniako konpainia handiak errublotan ordaintzen ari direla ziurtatu du Errusiako Tass berri agentziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.