Hizkuntzak

Frantziako Gobernuak ingelesezko hitzak galarazi ditu bideojokoen alorrean, frantsesa babesteko

Parisko Kultura Ministerioak frantsesezko hitzak eta esamoldeak proposatu ditu ingelesezkoak ordezkatzeko. Quebecen ere, are gehiago zorroztu dute frantsesa babesteko legea.

Fun and Serius bideo-joko jaialdia, BECen, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 31
18:22
Entzun

Ahaztu streamer hitza; aurrerantzean, joueur-animateur en direct esan beharko da, hau da, zuzeneko jokalari-esatari. Frantziako Gobernuak erabaki du aurre egitea bideojokoen alorrean erabiltzen diren ingelesezko hitz eta esamoldeei, eta frantsesezko baliokideekin ordezkatzea.

Frantziako Aldizkari Ofizialean atzo argitaraturiko arauaren arabera, zerbitzu publikoetan eta testu ofizialetan ezingo da cloud gaming erabili, esaterako, baizik eta jeu video en nuage (bideojokoa hodeian); jokalari profesionala adierazteko ezingo dute pro-gamer esan, eta joueur professionnel erabili beharko dute; jokalariek ezingo dute season pass bat erosi, jokoan sasoi batez nahieran aritzeko, eta passe saisonnier bat atera beharko dute. Eta frantsesez ofizialki ez da eSport-ik egongo; jeu video de competition izango dira.

Kultura Ministerioak atzo zabalduriko agiri batean azaldu zuenez, bideojokoen alorrean ingelesezko hitz «asko» erabiltzen dira, eta halakoak «ulertzeko oztopo izan daitezke ingelesez egin ohi ez dutenentzat».

Frantsesa Aberasteko Batzordearen ekimenez hartu du erabakia Gobernuak. Erakunde hori 1996. urtean sortu zuten, baina 2015ean hartu zuen gaur duen izena. Erakundea lehen ministroaren agintepekoa da, eta hauxe du bere buruari ezarritako helburu nagusia: «Hitz eta esamolde berriak sortzea, gure hiztegian dauden hutsuneak betetzeko, eta atzerriko moldeetan agertzen diren kontzeptuak eta errealitateak frantsesez adierazteko». Hemeretzi aditu taldek asmatu dituzte batez ere ingelesetik helduriko terminoen baliokideak. Gero, Akademia Frantsesak —Euskaltzaindiaren baliokideak— eman behar die oniritzia proposamenei, aldizkari ofizialean argitaratu aurretik.

Ez da iradokizuna: agindua da. Baitezpada erabili beharko dituzte hitzok eta esamoldeok estatuaren erakunde guztietan, eta ezinbesteko erreferentzia izango dira itzultzaile eta idazle teknikarientzat.

Gutxienez 1980ko hamarkadatik, Paris oso kezkaturik egon da frantsesak lekua galdu duelako, bai nazioartean eta bai herrialde frantsesdunetan, ingelesaren mesederako. Hizkuntzan sarturiko ingelesezko hitzei eta esamoldeei baliokideak bilatzen aritu dira etengabe. Horietako asko teknologiaren alorrekoak dira: e-mail ez esateko, courriel hitza sortu zuten, esaterako; eta digital hitza saihesteko, numérique asmatu zuten. Eta euskarara ere heldu da hori: Ipar Euskal Herriko euskaldun askok numerikoa erabiltzen dute, eta Euskaltzaindiak berak askotan baliatzen du numerikoa edo digitala esamoldea.

Legeak ere ezarri dituzte horren harira Frantzian. 1994. urteko Toubon legeak, esaterako, debeku eta arau multzo bat ezarri zituen, Frantziako gizartean frantsesaren nagusitasuna bermatzeko. Herritarrei zerbitzua frantsesez emateko betebeharra ezarri zuen, eta lan eremuetan frantsesa erabiltzera derrigortu; publizitatea frantsesez egitea ziurtatu zuen; ingelesari harturiko hitzak erabiltzea debekatu zien hedabideei, eta horien ordezko frantsesak erabiltzera behartu.

Quebecen, legea zorrotzago

Hizkuntza propioa —frantsesa oraingoan ere— babesteko ahaleginetan, beste urrats bat egin zuen joan zen astean Quebeceko Parlamentuak: frantsesaren nagusitasuna are gehiago bermatu nahi duen legea onartu zuen.

Lege horren arabera, Quebecen bizitzen jartzen diren etorkinak hasieran baino ezingo dira gobernuarekin komunikatu ingelesez edo beste hizkuntzaren batean. Sei hilabeteren buruan, frantsesa erabili beharko da harremanetan.

Orain arte konpainia handiek bakarrik ziurtatu behar izan dute frantsesez aritzen direla. Lege berriarekin, negozio ertain eta txiki gehienek ere zailago izango dute justifikatzea frantsesez egiten ez duten langileen kontratazioa. Legea betetzen ari ote den ikertzen duenean, Poliziak ahalmen gehiago izango ditu ordenagailuak eta telefonoak aztertzeko.

1977. urtean, 101. Legea edo Frantsesaren Agiria ezarri zuten Quebecen. Ordutik, joan zen asteko erreforma da eginiko «garrantzitsuena», François Legault lehen ministroak idatzi duenez. «Ipar Amerikan gehiengo frantsesduna duen gobernu bakarraren buru naizen aldetik, nire erantzukizuna da ziurtatzea frantsesa izango dela aurrerantzean ere gure hizkuntza ofizial bakarra, gure hizkuntza komuna».

101. Legeak ezarri zuen frantsesa Quebeceko hizkuntza ofizial gisa. Legeak zerbitzuak frantsesez jasotzeko eskubidea bermatzen die herritarrei; enpresak frantsesa erabiltzera behartzen ditu herritarrekin komunikatzeko orduan, eta haur guztiek frantsesezko eskoletan ikasten dutela ziurtatzen du.

Lege horren eraginez, eremu ingelesdunez inguratuta egon arren, Quebeceko zortzi milioi biztanleetatik %85 inguru batez ere frantsesez mintzo dira egunerokoan.

Gaiak Quebecen eta Kanadan duen garrantzia agerian geratu zen udazkenean, Air Canadako buru Michael Rousseauk barkamena eskatu behar izan zuenean, Quebecen hamalau urtez bizi izanda ere ordura arte ez zuelako frantsesik ikasi. Jasotako kexuen ostean, irakasle bat hartu behar izan zuen Rousseauk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.