Lan merkatua

Hirugarren hilabetez jarraian, afiliatuen marka hautsi du Hego Euskal Herriak

Inflazio handiak ez dio oraindik lan merkatuari eragin. Apirilean baino 3.566 langabe gutxiago eta 7.136 afiliatu gehiago daude. Lau kontratutik bat izan da mugagabea

jarraia214169.jpg
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 2a
09:44
Entzun

Ukrainako gerraren ondorioak eta inflazio handia ez dira oraingoz gai izan Hego Euskal Herriko lan merkatua bilakaera positibotik desbideratzeko. Maiatzean berriro txikitu da langabeen kopurua —3.566 lagun gutxiago daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren—, eta Gizarte Segurantzak 7.163 kotizatzaile irabazi ditu.

Gainera, kontratuen egonkortasunean beste urrats bat egin da, maiatzean sinatutako lautik bat izan baita mugagabea. Aurten indarrean sartu den lan erreformaren aurretik, kopuru hori hamarretik bat baino gutxiago izan ohi zen.

Datuak gustura hartu dituzte gobernuek. «Lan merkatua sendotzen ari da, eta enpleguaren kalitateak hobera egin du», ziurtatu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta nabarmendu du lurralde horretan lehen aldiz 300.000 afiliatutik gora dituela Gizarte Segurantzak. Kotizatzaileen kopuru «historikoari» erreparatu dio Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak ere: «Euskadik inoiz baino jende gehiago du lanean, egoera erregularrean eta eskubideekin».

Dena ez dela urre erantzun dute sindikatuek. «Enpleguaren datuak txarrak ez badira ere, egia osoa da langile klasea pobretzen ari dela. Hego Euskal Herrian milaka pertsona egoera prekarioan daude; askok soldata txikiak dituzte, lanean segurtasuna falta zaie, eta beste hainbestek behin-behineko kontratua dute; horiek, lan erreformaren ondoren, aldizkako langile finkoen izenaren atzean ezkutatu nahi dituzte», esan du ELAk.

LABek, berriz, kapitalismoaren aurkako aldarri bat egin du: «Langileak prekarizatzen dituen eta pobretzen gaituen ereduan sakontzeko erabakia hartuta dago. Pandemia eta Ukrainako gerra tartean egonik ere, oinarrian dagoena arazo bera da: kapitalismoa, bidegabea ez ezik, bideraezina ere badena».

Langabezia: Pandemiaren hasieran baino 6.000 gutxiago

Maiatza historikoki hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat, udaren atarian kontratazio asko egiten baitira, ostalaritzan beste inon baino gehiago. Aurtengoa ez da salbuespena izan, eta 3.566 lagunek utzi dituzte langabeen zerrendak. Iazko maiatzean halako bi izan ziren (-7.549), baina kontuan hartu behar da duela urtebete mugimendu murriztuen egoera batetik ateratzen ari zela Hego Euskal Herria, txertatze kanpainak aurrera egin ahala.

Langabe asko dira 145.414, biztanleria aktiboaren %10etik gora, baina 2019ko irailera joan behar da kopuru txikiago bat ikusteko. 2020ko otsailean, konfinamenduaren atarian, orain baino 6.000 lagun gehiago zeuden lanik gabe.

Langabeziak batez ere emakume aurpegia du, ia hamarretik sei baitira sexu horretakoak: 83.886 andre daude lanik gabe, eta haien artean %12,7koa da langabezia tasa; lau puntu txikiagoa da langabezia gizonen artean: %8,7koa.

Sektoreei erreparatuta, zerbitzuetan gutxitu da gehien langabeen kopurua (-1.709), baina esanguratsua da zerbitzuak baino egonkorragoak diren sektoreek jarraitzen dutela langabeak gutxitzen: 606 industrian eta 327 eraikuntzan. Hain zuzen ere, azken bi sektore horietan langileak falta direla ohartarazten ari dira patronalak. Formatutako langile eskasiaz kexatzen azkena Gaia izan da: jakintza industrien eta teknologia aplikatuen klusterrak asteartean ohartarazi zuen 1.500 lanpostuko zuloa bete gabe dutela, informatikariena batik bat.

Gizarte Segurantza: 32.000 langile gehiago urtebetean

Gizarte Segurantzak beste 7.163 kotizatzaile batu ditu maiatzean, eta horren ondorioz hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du Hego Euskal Herriak: 1.287.239 dira, duela urtebete baino 32.000 gehiago, eta konfinamenduaren atarian baino 25.000 gehiago.

Kontratuak: Inoiz baino finko gehiago

Lana lortu dutenen artean ugaritzen ari dira kontratu mugagabeak dituztenak. Maiatzean, 96.759 lan kontratu izenpetu dira Hego Euskal Herrian, eta horietatik 26.276 izan dira kontratu mugagabeak (%27,1). Indarrean dagoen lan erreformak mugatu egin du aldi baterako kontratuak egitea, eta, horrenbestez, handitu egin du kontratu mugagabeen kopurua. Hori bai, horietako asko aldizkako kontratu finkoak dira —%36, Espainian—, eta ez diete langileei urte osoan lan egitea bermatzen. «Praktikan, aldizkako langile finkoen hobekuntzak hutsalak dira aldi baterako kontratuen aldean», ELAren arabera.

Baliteke hurrengo asteetan kontratu mugagabeen kopurua handitzea, Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak kanpaina bat abiatu duelako ustez irregularrak diren aldi baterako kontratuak atzemateko. Aurreko astean jakinarazi zuenez, hurrengo egunetan 3.559 gutun bidaliko dizkie beste hainbat enpresari, egoera irregularrean egon daitezkeen 9.950 kontratu berrikusteko eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.