Alderdiak

EH Bilduk Maria del Rio proposatu du Bilboko alkategai izateko

Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakaslea da Del Rio. Barne prozesua ekainaren 5era arte irekita dago.

Maria del Rio, EH Bilduko Mahai Politikoaren hautagaia. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 2a
11:54
Entzun

EH Bilduren Bilboko Mahai Politikoak Maria del Rio proposatu du datorren urteko udal hauteskundeetarako hautagai gisa. Del Rio Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakaslea da. Politika munduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Politika Sozialeko zuzendari nagusi izan zen, eta koalizio subiranistaren aholkularia Bizkaiko Batzar Nagusietan. Hala, Mahai Politikoak nabarmendu du hautagaiak «ondo» ezagutzen dituela instituzioak.

«Badakigu ahalegin guztiak egingo dituela auzoen eskutik aliantzak sortu eta gehiengoak osatzeko, ezkerreko politikak, parte hartzaileak eta feministak lortzeko», adierazi du Mahai Politikoak, ohar baten bidez. Hala, Del Riorengan «konfiantza osoa» dutela azaldu du: «Bera baita Bilbok behar duen profila elkarrekin bizitza duinak garatzeko espazioak eraikitzeko».

Bilbotarra da Del Rio, eta, sare sozialen bidez zabaldutako mezuan, adierazi du «ilusioa» egiten diola «Bilbo hobetzeko lan egiteak». Hala, «ekarpena egiteko gogoa» adierazi du, eta konfiantza eskertu: «Pozez heltzen diot Bilboko Mahai Politikoaren hurrengo hauteskundeetarako zerrendaburua izateko eskaintzari». Mahai Politikoaren hautagaiak azaldu du «bestelako udal bat« behar duela Bilbok, «gertukoa eta gardena». Del Riok berak adierazi duenez, mugimendu feministako eta giza eskubideen defentsaren aldeko militantea da, eta azken alor horretan zenbait lan egin ditu. Horrez gain, bitartekari gisa ere aritu da.

Bestelako hautagaitzak aurkezteko aukera dute Bilboko EH Bilduko kideek. Mahai Politikoak berak jakinarazi duenez, ekainaren 5era arte zabalik dago barne prozesua, eta ondoren zehaztu beharko du militantziak koalizioaren alkategaia nor izango den.

Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak zehazten ari da EH Bildu. Jada jakinarazi ditu Gasteizko Udalerako, Arabako Batzar Nagusietarako, Iruñeko Udalerako eta Nafarroako Parlamenturako, Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrendaburuak: Rocio Vitero, Eva Lopez de Arroiabe, Joseba Asiron, Laura Aznal eta Iker Casanova. Azken horri dagokionez ere, ekainaren 5era arte irekita dago barne prozesua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.