Lan istripua

Laborari bat hil da Uztaritzen, traktorea irauli eta azpian harrapatuta

Aste honetan traktore istripuz hil den bigarren laboraria da. 78 urte zituen.

Traktore bat, Jatsun, artxiboko argazkian. GAIZKA IROZ
jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 4a
10:13
Entzun

Atzo arratsaldean laborari bat hil zen Uztaritzen (Lapurdi), traktoreak azpian harrapatuta. 78 urte zituen. 17:30 inguruan izan zen istripua. Lanean ari zela, errekasto batean irauli zen traktorea, eta laboraria harrapatu zuen. Larrialdi zerbitzuak joan ziren istripua izan zen tokira, baina ezin izan zuten gizonaren bizia salbatu.

Aste honetan traktore istripuz hil den bigarren laboraria da. Asteazkenean 70 urteko laborari bat hil zen Duzunaritze-Sarasketan (Nafarroa Behera). Gizona Azkonzabal auzoko bere soroan ari zen lanean; traktoretik erori zen, eta azpian harrapatu zuen. Zerbitzu medikoak iritsi zirenean, bihotz-biriketako geldialdian zegoen, eta berehala hil zen.

Apirilean 70 urteko beste nekazari bat hil zen, hura ere lurra lantzen zebilela traktoreak harrapatuta. Aste honetako bi heriotzekin eta Garesen hil den eraikuntzako langilearekin, aurten jada 33 langile hil dira lan istripuan, sindikatuen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.