Albistea entzun

Etxebizitza

Alda: «Interes pribatuak lehenetsi dituzte, interes orokorraren gainetik»

Alda mugimenduarentzat oso larria da Paueko Auzitegiak konpentsazio neurriak bertan behera utzi izana. Etxebizitza turistikoen kontra tresna guztiak erabiltzera deitu ditu herritarrak eta Elkargoa.

Alda mugimenduaren biltzarra, gaur, Hiriburun. /
Alda mugimenduaren biltzarra, gaur, Hiriburun. / ALDA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia - Irati Urdalleta Lete -

2022ko ekainak 4 15:44

Alda mugimenduarentzat oso larria da Paueko Administrazio Auzitegiak turismo etxeen konpentsazio neurria atzera bota izana. Atzo hartu zuten erabakia, eta gaur goizean Sebas Cristy Aldako kidea «oso haserre» agertu da Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan. Esan du interes pribatuak lehenetsi dituztela interes orokorraren gainetik.

Euskal Hirigune Elkargoak martxoaren hasieran erabaki zuen aurre egitea turismorako bizitegien hazkundeari. Haren arabera, turismorako bizitegi bat alokagai jartzen dutenek urte osoan beste bat eskaini beharko zuten, konpentsatzeko. Neurri hori, ordea, bertan behera utzi du Paueko auzitegiak. Euskal Elkargoak helegitea aurkeztuko du Paueko Auzitegiaren erabakiaren kontra, eta hori poztekoa dela esan du Aldako kideak, baina denbora galduko dela adierazi du: «Hilabeteak pasatuko dira, eta etxebizitzak galduko dira denbora horretan, turistikoak bihurtzeko. Gaur larria den egoera larriagotu egingo da hemen bizi nahi dutenentzat», salatu du Cristyk. Herritarrak eta Elkargoa bera deitu ditu etxebizitza turistikoen kontra tresna guztiak erabiltzera.

Hain zuzen, gaur goizean Hiriburun (Lapurdi) bildu dira Aldako kideak. Biltzarrean egitekoa den hitzaldietako batean konpentsazio neurriak Frantziako toki batzuetan ekarri dituen onurak azalduko dituzte. «Auzitegiek erran dute justifikatua dela. Parisen ere bai. Ez dugu hau ulertzen», azaldu du Cristyk. Etxebizitza sozialaren arazoa ere hizpide izango du Aldak biltzarrean.

«Kataklismo bat»

Erabakiaren berri izan ondoren, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Daniel Olzomendi Turismorako hautetsiak eta Filipe Aramendi Urruñako auzapezak (Lapurdi) agerraldi bat egin zuten atzo. Etxegarairen ustez, auzitegiaren erabakia «kataklismo bat» da. «Azken bi urteetan irabazi hutsezko helburuarekin esplotatu duten higiezin zibil gaixo horien alde paratu da», adierazi zuen.

EH Baik ere auzitegiaren erabakia gaitzetsi du: «Haserre handia eragiten duen deliberoa». Izan ere, herritarrentzat kaltegarria iruditzen zaie: «Helegitea pausatzearekin, Ipar Euskal Herriko biztanleek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen da».

Erabakiak erabaki, borrokan jarraitzeko asmotan da EH Bai: «Etxebizitza arloan, ezin dugu denbora gehiago galdu». Horregatik, Joko arauak alda ditzagun kanpainarekin jarraituko dute, eta esan dute lanean jarraituko dutela Herrian Bizi plataformaren barruan ere. «Espekulatzaileen kontra, gure etxebizitzak diru iturri gisa kontsideratzen dituztenen kontra hartzen diren iniziatiba guziak sostengatzen ditugu». Etxebizitza eskubidearen alde egiteko, Frantziako Asanbleako bozetan EH Bai bozkatzeko ere eskatu diete herritarrei: «Heldu den ekainaren 12an, EH Bairen bozka papera da joko arauak aldatu nahi dituen bakarra».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

 ©J. DANAE / FOKU
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. ©BALLESTEROS / EFE

BASOARTE ZARBATSUA

Iosu Alberdi

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

 ©J. DANAE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...