Liskarrak eta erasoak izan dira Donostian GKSren eta Gazte Asanbladaren inguruko kideen artean

Gazte Asanbladak salatu du GKSren inguruko hogei bat kidek «eraso egin eta jipoia eman» zietela bi laguni. GKSk ere salatu du bere kide bat «jipoitu» dutela etxeko atarian. Gazte Asanbladak agerraldia egin du gaur, eta bi aldeek eginiko erasoak gaitzetsi ditu.

Donostiako Ikatz kalea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2022ko ekainaren 6a
11:26
Entzun

Gazte Asanbladaren eta Gazte Koordinakunde Sozialistaren arteko giroa gaiztotuz doa Donostiako Parte Zaharrean. Joan den astean zabaldu zen bien arteko liskarrak izan zirela Kijera gaztetxea zen eraikinean, han zegoen materialaren kontura, eta asteburuan, berriz, AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak salatu du GKSren inguruko hogei bat lagunek eraso egin dietela Gazte Asanbladako kide bati eta auzoko gazte bati. GKSk, berriz, salatu du bere kide bati etxera jarraitu eta jipoia eman ziotela atarian.

Gertakari horien harira, agerraldi bat egin du gaur Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, 19:30ean, Trinitate plazan. Zehaztu dutenez, egoerari irtenbide bat ematea dute helburu, eta auzoko eragileen mahaira deitzea erabaki dute horretarako. GKS ere deitu dute mahaira. «Errespetuan oinarrituriko espazio seguruen, anitzen eta parte hartzaileen alde egiten jarraituko dugu, betiere auzoaren eta auzotarron mesedetan», erantsi dute.

GKSk egindako salaketari buruz ere mintzatu dira AZGAkoak. Izan ere, Gazte Koordinakunde Sozialistak salatu du bere kide bati jipoia eman ziotela. Horren gainean, AZGAk jakinarazi du eraso egin zuen kidea kanporatu dutela: «Ez dugu inongo erasorik onartzen». Hala, GKSri eskatu diote «jarrera bat» har dezala eraso egin zuten bere kideekiko.

Larunbateko liskarrak

Atzo goizaldean zabaldu zen notizia. Gazte Asanbladak ohar batean azaldu zuenez, larunbatean, 20:30 aldera, hogei bat lagunek AZGAko kide bati eta auzoko gazte bati «eraso egin eta jipoia eman» zieten «ildo sozialistako hogei bat kidek». Horietako «asko kanpotik etorriak» zirela ere adierazi zuen AZGAk: «Gainera, egoera lasaitzera sartu zen auzotar orori mehatxu eta eraso egin zioten ildo sozialistako militanteek».

Gauerdian beste eraso bat gertatu zela azaldu du AZGAk: «AZGAko bi kide kalean zeudela, ildo sozialistako hiru kide aurretik eraso egina zioten kidearengana harropuzkeriaz oldartu ziren». Gazte Asanbladaren arabera, beste kidea egoera baretzen ahalegindu zen, baina «ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik kristalezko botilak auzotarroi botaz auzotarron aurka oldartu ziren». Horietako batzuek aurpegia estalita zeramatela ere zehaztu zuen Gazte Asanbladak, eta gaineratu «eraso antolatuak» izan zirela.

Bestelakoa da Donostiako GKSk emaniko bertsioa. Azaldu du asteburuan bere «militantzia babestu» nahi zuela: «Ez baitzen harritzekoa beste liskarren bat gertatu eta gu babesik gabe egotea». Horiek horrela, GKSren arabera, hiru kide Jarkiko bi militanterengana hurbildu ziren, haiek hamar bat lagunekin zeudela: «Horren asmoa zen horietako bati esatea ez ziela berriro ere militante sozialistei erasorik egingo». Izan ere, GKSk Jarkiko kide horietako bati egozten dio ildo sozialistako kide bati «ukabilkada bat» eman, GKSko kideak «hainbat bider mehatxatu» eta «espazio publikotik kanporatu» izana. GKSren hitzetan, «liskarrean hasi ostean joka» amaitu zuten, baina ukatu egin du «lintxamendu bat» egon izana: «Borrokaldi tipiko bat izan zen». Izan ere, GKSk dio guztira haren ildoko dozena bat lagun zeudela kale horretan, eta tirabira hastean horien laurdenek-edo hartu zutela parte. Gauerdiko gertakariaren harira, GKSk Jarkiko kideari egotzi dio liskarra sortu izanaren erantzukizuna, baina bigarren «borrokaldi» hori «jende askoren artekoa izan zen, bi aldeen partetik».

Horrez gain, GKSk ere salatu du bere kide bat, Kijera gaztetxeko materialaren eztabaidaren harira zabaldutako bideo batean ageri dena, «jipoitu» egin zutela etxeko atarian, eta heriotza mehatxuak egin dizkiotela sare sozialen bidez. Gazte Asanbladak eraso hori «salatu» du, eta erantsi ez duela «inolako erasorik» onartu.

GKSk Sortu eta EH Bildu egin ditu gertatutakoaren erantzule: «Haiek diseinatu dute mugimendu sozialistaren aurkako toxikazio kanpaina, beto politikoen eta edozelako trikimailuen bitartez tentsioa Euskal Herri osoko kaleetara eramateko apustua eginda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.