Gure Esku

Pirinioak argiztatuz autodeterminazio eskubidea nazioarteko jokalekuan jarri nahi du Gure Eskuk

Lehen aldiz, Euskal Herriko eta Kataluniako subiranistek mobilizazio herritarra egingo dute batera, «epe luzerako elkarlan baten abiapuntua izango dena»

Pirineoetako Bidearen aurkezpena, Donostiako Londres Hotelean. GURE ESKU
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 8a
14:24
Entzun

Hilabete baino gutxiago barru, uztailaren 2an, euskal herritarrek eta katalanek Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dituzte ilunabarrean. Gure Eskuk, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioak antolatu dute egitasmoa, Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzaz, eta etorkizunean elkarlanean jarraitzeko aurrekaria izatea espero dute.

Donostian aurkeztu dute uztaileko egitasmoa Gure Eskuko Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk, eta euskal herritarren oroimenean «luze iraungo duen mugarria» izango dela adierazi du Etxaburuk. Egun berezian egin dute aurkezpena; izan ere, gaur zortzi urte bete dira Gure Esku Dagok Durango (Bizkaia) eta Iruñea artean giza katea antolatu zuenetik. Bi udalerriak eskua emanda lotu zituzten 150.000 pertsonak, 123 kilometroko giza katea eginez.

Oraingo honetan, erabakitzeko eskubidea berriro ere eztabaida publikoaren erdigunean kokatu nahi dute. Izan ere, bai Euskal Herrian eta bai Katalunian, erabakitzeko eskubidea lehen lerroetatik atera da, hein batean, bestelako gaiek hartu dutelako zentralitatea: pandemia, inflazioa, egiturazko krisia, Ukrainako inbasioa, eta beste hainbat kontu. Bestalde, autodeterminazio eskubideari buruz orain ez dela hitz egin behar diotenei oker daudela adierazi die Etxaburuk: «Tokatzen dena da».

Euskal Herriari eta Kataluniari erabakitzeko askatasuna ukatuz eta errepresioa erabiliz Espainiako eta Frantziako estatuek «gatazka demokratiko bat» eragin dutela nabarmendu du Alvarezek: «Arazoa ez dago Euskal Herrian edo Katalunian; arazoa estatuena da».

«Herri gogoa» berpiztea

Erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean «herri gogoa» berpiztea ezinbestekoa dela uste du Gure Eskuk: «Herriari hitza emateko garaia da, edo, beharbada, herritarrok hitza hartzekoa», dio Alvarezek. Jakitun daude, baina, burujabetza lortzeko ez dela aski Pirinioetan 430 kilometroko argi lerroa egitea, eta nabarmendu dute helburua jendea aktibatzea dela.

Argiztatuko dituzten 300 gailurrak bi taldetan sailkatuko dituzte. Lehenak, gailur berdeak, errazenak eta irisgarrienak izango dira. Horietako batzuk mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ere egokiak izango dira. Jaizkibelera igotzeko, adibidez, autobusak egongo dira. Beste mendiak, gailur gorriak, zailtasun tekniko eta fisiko handiagokoak dira, Erdialdeko Pirinioan daudenak gehienbat, eta mendizale trebatuak igoko dira soilik.

Parte hartzeko, lehenik Gure Eskuren webgunean mendien zerrenda begiratzea eta ondoren [email protected] helbide elektronikora idaztea eskatu dute. Gailurretara jende kopuru mugatua igoko denez, ekitaldiarekin kolaboratzeko beste bide batzuk ere ireki dituzte. Elastikoak erosi ahal izango dira, eta elkarte eta enpresek gailur bakoitzean egongo den farola handia finantzatu ahal izango dute, gutxienez 200 euro ordainduz. Bestalde, ekitaldi politiko nagusia Castell de Llivian (Cerdanya, Herrialde Katalanak) egingo dute, uztailaren 2an, eta Euskal Herrian Donostian izango da agerraldia, uztailaren 4an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.