Etxebizitza

Etxebizitza eskubidearen alde mobilizatu dira dozenaka lagun Baionan

Epaileek turismorako bizitegien konpentsazio neurria atzera bota izana gaitzetsi dute, Herrian Bizi plataformak deituta. Nabarmendu dute neurri horrek 20.000 bizitegi inguru «salbatu» izanen zituela.

Herrian bizi plataformak deituta Eskal Hirigune Elkargoaren egoitza parean eginiko protesta. GUILLAUME FAUVEAU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 8a
19:23
Entzun

«Espekulazioari ez!». Hala dio gaur Herrian Bizi plataformak deituriko elkarretaratzeko pankarta nagusiak. Joandakoen aurpegietan bistakoa da egoerak eraginiko haserrea, baina ahotan dituzten aldarrikapenetan ere aski argia da mezua: herrian bizi nahi dute, eta ez dute nahi turismoak irenstea bizitegiak. Gogor salatu dute Paueko Administrazio Auzitegiak turismorako bizitegien konpentsazio neurria gibelera bota izana.

Izan ere, turismorako bizitegien konpentsazio neurriaren harira epaileek joan den astean hartutako erabakiak biziki sumindu zituen herritar asko. Iragan martxoan, Euskal Hirigune Elkargoak zehaztu zuen turismorako bizitegi bat alokagai duten jabeek urte osorako beste bizitegi bat eskaini beharko zutela aurrerantzean. Ordea, neurriak ezinegona eragin zion etxeen jabeen kolektiboari, eta helegitea jarri zioten konpentsazio neurriari. Baita Paueko Auzitegiaren babesa erdietsi ere. Neurria etena da orain.

Ikusi gehiago: Turismorako bizitegien konpentsazio neurria ezartzea onartu du Euskal Elkargoak

Hala, gaurko protestan parte hartu dutenek irmoki defendatu dute konpentsazio neurriaren premia. Zenbakitan ere egin dute defentsa: zehaztu dutenez, 20.000 etxebizitza urteko alokairuan jartzeko bidea emango luke neurriak.

Kontra nola egin

Elkarretaratzean parte hartu duten talde eta norbanakoek azpimarratu dute auzia ez dela bukatua. Hain zuzen, Herrian Bizi plataformakoek Euskal Hirigune Elkargokoei galdegin diete biltzeko, elkarrekin aztertzeko hurrengo urratsak.

Halaber, EH Baik nabarmendu du oraindik ere badela «bataila irabazteko» aukerarik. Horri loturik, herritarrei eskatu diete haiei eman diezaietela botoa datorren igandeko hauteskundeetan. «EH Bairen boto papera da joko arauak aldatu nahi dituen bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.