Albistea entzun

Ernairen testuari erantzuna

 
GKS eta IA antolakundeek iaz atolaturiko Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista.
GKS eta IA antolakundeek iaz atolaturiko Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista. Jagoba Manterola / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Unai Martinez eta Ane Ibarzabal - Gazte Koordinadora Sozialistaren izenean -

2022ko ekainak 9 11:37

Azken egunetako gertakarien inguruan Ernaik bere kontakizuna egin du publiko BERRIA egunkarian. Egiazki, auzia «azken gertakarietatik» haratago doa, Ezker Abertzaleak azken urteetan Mugimendu Sozialistaren aurrean eduki duen jarrera suntsitzailearen ondorioak baino ez baitira gertakari horiek. Ernaik eta, oro har, Ezker Abertzaleak, gatazkaren dimentsio hori isilpean mantentzeko hautua egin dute beste behin, dagokion erantzukizuna alboratuz eta gertakizunen inguruko kontakizun interesatu eta manipulatua eskainiz.

Ernairen artikuluaren intentzionalitatea ulertzeko garrantzitsua da astelehen honetan Euskal Herriko Kontseilu Sozialisten adierazpena kontuan hartzea. Izan ere, bertan garbi adierazi genuen minimo batzuk errespetatuz gero, Mugimendu Sozialista prest dagoela Ezker Abertzalearekin negoziatzeko eta ahal dugun neurrian kaleetako egoera lasaitzen laguntzeko. Ez da asko eskatzea, minimo batzuen inguruan hitz egiten ari baikara: txosnetako beto politikoa bertan behera uztea, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea errespetatzea eta militante sozialisten aurkako gezur eta difamazioak etetea. Finean, Mugimendu Sozialistaren aurkako intoxikazio kanpaina gelditzea eta komunismoaren politika egiteko baldintzak errespetatzea. Bada, artikulu horren bitartez (baita bestelako adierazpenen bitartez ere) Ezker Abertzalearen asmoak zein diren argi ikus daiteke: komuniston jarduna kriminalizatu nahi dute, orain arteko suntsipen estrategiarekin jarraitu ahal izateko.

Bitartean, beraien posizioa justifikatzeko kontakizun bat sortu dute, zeinak gertakariak eta militante sozialisten izaera karikaturizatzen dituen: batetik, biolento irrazional gisa definitzen gaituzte (gertakarien gure kontakizuna zuzena dela frogatu bada ere) eta, bestetik, beraien interes alderdikoientzat darabiltzaten «herri mugimenduaren» eta «auzoaren» etsaitzat jo gaituzte, gatazkaren muina erabilerarik gabe zeuden aulki batzuen inguruko auzira modu absurdoan murriztuz. Horrela, beraiek aniztasunaren bandera faltsuaren ordezkari gisa azaldu nahi izan dute beraien burua, eta komunistak, kontrara, dogmatiko eta sektario moduan aurkeztu gaituzte, errealitatean adierazten denaren kontrara.

Sinplifikazio eta intoxikazio testuinguru hori sortzeak helburu jakin batzuk ditu, besteak beste, lehengo jarrera suntsikorrarekin jarraitzeko eta egiten dituzten erasoak justifikatzeko ulermen markoa eratzen baitu. Gertakariak sinplifikatzeak eta karikaturak egiteak ez du heldutasun politikorik adierazten; kontrara, nahasmendua dute helburu, egoera baretzeko baldintzak ezabatuz eta erantzukizunak alboratuz.

Baina azken aste honetako gertakariak ezin dira ulertu azken urteetan Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren aurka sostengatu duen kanpaina kontuan eduki gabe: gezurrak, difamazioak, bazterketa sozial eta mediatikoa... Azkenengo hilabete eta asteetan areagotu egin da joera hori: beto politikoak txosnetan, ezkutuko grabaketak, arrazoi ideologikoengatik legez kanpoko lan kaleratzeak, eraso fisikoak, heriotza mehatxuak eta abar luze bat. Intoxikazio egoera hori ez da pertsona bat edo besteren ardura, EH Bildu eta Sortuk egindako apustu politikoaren adierazle baizik, eta hori da Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek salatu dutena.

Berretsi egiten gara asteleheneko adierazpenean esandakoan: komeni zaigu egoera hobetu eta aterabidea ematea, baina ezinbestekoa da minimo etiko eta sozial batzuk errespetatzea. Ez gaude interesatuta egoera honetan, proiektu sozialistaren indar guneak beste batzuek direlako: eztabaida arrazoitua eta kapitalaren dinamikari aurre egitea. Gainera, kaleetako tentsioaren gorakada arazo orokor bihurtu da eta ez dio inori mesede egiten, militatzeko baldintzak okertu eta politikarekiko desatxikimendua eragiten baitu gazteria langilearengan. Egoera baretzeko baldintzak badaude, guk geuk adierazi baitugu negoziaziorako borondatea, baina beraiek dira horretarako baliabideak dituztenak. Jokoan daudenak langileriaren eskubide politikoak eta militatzeko baldintzak direlako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaile Agus Hernan, atzo, Zaballako espetxean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Foro Sozialak azken bilera egin du EPPK-ko ordezkariekin

Gotzon Hermosilla

Honenbestez, bi aldeek bukatutzat eman dute 2017an irekitako elkarrizketa iraunkorreko etapa. Foro Sozialak esan duenez, EPPK-k ontzat jo du urte hauetako harremana

Gure Esku-ko Josu Etxaburu, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gure Esku-k ekintzetara igarotzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari

Iosu Alberdi

Elkarteak talde parlamentarioei exijitu die eztabaida «garden eta ireki» bat hasteko, erabakitzeko eskubidea arautzea helburutzat hartuta
Armak erabilerarik gabe uzteko saioan parte hartu zutenak, Luhusoko Errekarte baserrian, 2018ko abenduan. ©/ Bob Edme

Luhusoko auziko instrukzio aldia amaitutzat jo dute

Jon O. Urain

Fiskalak hilabeteko epea du orain auziari buruzko eskaera aurkezteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...