Hezkuntza akordioarekiko konpromisoa berretsi dute lau alderdi sinatzaileek

Hezkuntza itunaren jarraipen batzordea bildu da, eta EAJk iragarri du zeresana eman duen planifikazio dekretuaren zirriborroa aldatuko dutela

Hezkuntza akordioaren jarraipen batzordea bilduta, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko ekainaren 13a
21:30
Entzun

Hezkuntza akordioa ez dago zalantzan. Horixe da atzo sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Xabier Aizpuruak egindako bilkuratik atea daitekeen ondorio nagusia. Apirilean EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk izenpetu zuten akordioa, eta etorkizuneko hezkuntza legearen oinarriak zedarritzearekin batera, aldian-aldian itunaren jarraipen batzordea biltzea ere adostu zuten. Atzo elkartu zen lehenengoz aldiz, eta balekoa izan zen maiatzaren amaieran publiko egin zen ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroaren harira sortutako tentsioak baretzeko.

«Tonu positiboa» egon dela nabarmendu du, esaterako, EAJko legebiltzarkide Leixuri Arrizabalagak. Hezkuntza itunaren alde egiten segitzen dute: «Akordioa mantentzea da funtsezkoena, eta horretan ari da Euzko Alderdi Jeltzalea». Eta Hezkuntza Sailaren jarrera ere goraipatu du: «Egiaztatu ahal izan dugu sail hau adostutakoa betetzen ari dela».

Eztabaidaren muinaz ere aritu da Arrizabalaga; planifikazio dekretuaz, alegia. Zirriborro bat baino ez dela zehaztu du, eta, akordioren aurretik hasi zirela idazten. Aldaketak iragarri ditu: «Hasiera batean aurkeztu denak ez du zerikusirik izango azkenean onartuko denarekin». Gogorarazi du behin betiko dekretua ez dela luzerako izango, hezkuntza legea onartutakoan dekretu berriak egin beharko dituztelako. Ordea, ez dio garrantzirik kendu oraingoari: «Egia da akordioaren izpiritua jaso beharko lukeela hein handi batean, eta saiatuko gara hori horrela izan dadin».

Akordioa sendo dago Ikoitz Arreseren irudiko ere: «Hezkuntza akordioak oinarri tinkoak ditu, eta aurrerantzean ere hala izango ditu». «Lasaitasuna, konfiantza eta begirada luzea» helarazi nahi ditu EH Bilduko legebiltzarkideak: «Akordioarekiko gure babes eta konpromiso osoa transmititu nahi dugu» . Ikusten du ituna «hautsi» nahi duen sektoreak daudela —ez du zehaztu zein—, baina ez dago prest horiei men egiteko. Halaber, onartu du koalizio abertzaleak ere izan dituela dekretuarekin lotutako desadostasun batzuk, «ez zutelako zehatz-mehatz bat egiten akordioaren letra txikiarekin». Baina ez du arazorik ikusten: «Gai horiek konpondu ditugu edo datozen egunetan eta asteetan konponduko ditugu».

Bilera, «tonu onean»

Arrizabalagaren eran, Pastorrek ere bilerako «tonu ona» izan du hizpide. Ildo horretatik, ziurtatu du alderdietako batek ere ez duela zalantza jarri akordioa. Baina aitatu du zirriborroa ere: «Xehetasun batzuekin ez gaude ados, ulertzen dugulako ez daudela adostutakoarekin sintonian, eta espero dugu dekretuaren tramitazioan zehar aldatzea».

EP-IU izan da planifikazio dekretuaren zirriborroarekiko kritikoena. Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak esan du testuak ez duela errespetatzen akordioaren «letra eta izpiritua». Zehaztu du zer ez duten gustuko: testuan ez jasotzea leku publiko nahikoa egongo direla, baizik eta diru publikoz ordaindutako leku nahikoa egongo direla. Ordea, azaldu duenez, gobernuak jakinarazi die publiko egin den testuak ez duela zertan zerikusirik eduki behin betikoarekin.

Hezkuntza akordioa garatzen hasi baino ez dira egin. Hurrengo deialdia zehaztu dute: astelehenean, akordioaren egutegiaren berri emango du Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.